Teoria horren arabera, metafora ez da soil-soilik hizkuntza kontua, ez da soil-soilik gauzak esateko modu bat. Alde formal horretatik harago doa. Metaforak kontzeptuak egituratzen laguntzen digun mekanismoa da: beste kontzeptuekin eta gure aurreko esperientziekin loturak eraikitzea ahalbidetzen du.
Liburuan oso adibide esanguratsua azaltzen da: egileek nabarmentzen dute eztabaida -era metaforikoan- gerrarekin alderatu ohi dela. Eta galdetzen dute zer gertatuko ote litzatekeen, metafora aldatu eta eztabaida kontzeptua dantza kontzeptuarekin alderatuko bagenu: kontzeptua bera errotik aldatuko litzateke.
Euskarari lotuta, bi metafora nagusitu izan dira gure artean: lehena hizkuntza-gatazka da eta bigarrena hizkuntza-ekologia. Klusterrak argitaratu berri duen Soziolinguistika eskuliburuan biak agertzen dira: hemen eta hemen.
Erreferentzia askotxo aurkitu ahal dira bataren eta bestearen inguruan. Hona gutxi batzuk:
- Euskaltzaindiarentzat Euskal Herri mailako lehendabiziko "Euskararen Soziolinguistika Azterketa" egin zuen SIADECOk eta ikerketa horren laburpena da 1979an argitaratu zuen. Esanguratsua da izenburua: Hizkuntz borroka Euskal Herrian
- Metafora horren haritik. Unesco Albistariak "Gerra eta bakea hizkuntzen frontean" izeneko ale monografikoa argitaratu zuen 2000. urtean.
- Hizkuntza-ekologiaren inguruan, zerbait aipatzekotan, Albert Bastardas-Boada irakasle kataluniarrak landu duen hizkuntza iraunkortasunaren kontzeptua aipatu beharko genuke, gure artean asko hedatu dena. Material asko dago sarean, Bastardasek berak webgunea du eta baita scribd zerbitzuan kontua ere. Pablo Suberbiolak hizneterako egin zuen lana ere oso argigarria da.
Hizkuntza-gatazkaren gainetik, hizkuntza-ekologiaren kontzeptua gailentzen ari dela dirudi. Gure artean gauzak ikusteko modua horrenbeste aldatu ote da?
No comments:
Post a Comment