Alexanderrek militarra izan nahi zuen; amak, ordea, administrazio-ikasketak egitera bideratu zuen. Hizkuntzak, filosofia eta fisika ere ikasi zituen. Naturarekin interesa eta bidaiatzeko gogoa gazte-gazterik piztu zitzaizkion. Ama hil zenean, bidaiatzeari ekin zion. Amerikara abiatu eta bost urte eman zuen bidaian.

Anaiak, Wilhem von Humboldtek, zuzenbidea, hizkuntza klasikoak eta filosofia ikasi zituen. 1799an Euskal Herria zeharkatu zuen lehen aldiz, Madrilera bidean. Ez zen bidaia bakarra izan: 1801an itzuli zen eta denbora eman zuen, han eta hemen, bazterrak ezagutzen. Oharrekin "Euskaldunak" liburua idatzi zuen.
Kontatzen dute berrehun bat hizkuntza ezagutzera iritsi zela, eta haien guztien artean euskara zela bere kuttunetakoa. Euskararen egoeraz kezkaturik, euskara laster desagertuko zela iragarri zuen.
Esango nuke, zahartzaroan, anaia biak sutondoan elkartu eta elkarri kontu kontari arituko zirela. Alexanderrek atureez eta beren hizkuntzaz hitz egingo zuen. Wilhemek Piriniotako alde bietan bizi den herri bitxi horren berri emango zion anaiari, baita hizkuntzarena ere: oraindik bizirik, baina etorkizunaren beldur.