2012/05/05

Adjetiboak

Aste honetan gaixorik egon naiz: sukarra, hotzikarak, ezertarako gogo gutxi... Tarteka, portatila piztu, eta zeozer irakurtzen saiatu naiz. Ezer gutxi, halere.

Atoan blogaren aipu bat nuen oraindik irakurtzeko: Euskaldun osoa; Mikel Asurmendik Argian argitaratutako sarrera luzeago baten aipua, alegia. Euskaldun osoa... hura kontzeptu mardula! Eta euskaldun osoa ez dena, zer da? Ez-osoa? Osatugabea? Erdalduna?

Asurmendik hitz-joko polita proposatzen du: osoa, erosoa eta deserosoa. "Euskaldun eroso" eta "euskaldun deseroso" terminoak ontzat emateko modukoak al dira? Niri gustatu zaizkit. Definizioak adostu, eta soziolinguistika hiztegian sartzea proposatu beharko genuke.

Jon Sarasuaren hitzaldi batean entzundakoak ere burura etorri zaizkit. Euskaldun kontziente, konpetente eta koherenteak aipatzen zituen, gaizki gogoratzen ez badut. Motibazioa, ezagutza eta erabilera... kontzientzia, konpetentzia eta koherentzia bihurtu dira, nonbait.

Hizkuntza asertibitabearen kontua ere gogoratu dut. Euskaldun asertiboak behar ditugu: ez pasiboak eta ez erasokorrak... asertiboak, besteak errespetatu bai, baina beren eskubideak ezagutu eta tinko defendatzeko gai direnak.

Atxagak euskararen inguruko jarrerak sailkatzeko erabiltzen zituenak ere gogoratu ditut. Eee nola zen? A bai! Patetikoak, sinpatikoak eta antipatikoak.... (interneten ez dut aipamena aurkitu). Patetikoak omen gara euskaraz bizi nahi dugun euskaldunok.

A ze adjetibo-txaparrada! Sukarragatik izango al da? Ordenadorea itzali dut, ohean buelta erdi eman, eta lokartzen saiatu naiz.

1 comment:

allartean said...

Ez nituen adjetibo guztiak agortu, antza denez. Mikel Irizarren post zahar bat irakurri berri dut. Euskaldun agonikoak eta euskaldun dinamikoak aipatzen ditu. Interesgarria:
http://goiena.net/blogak/piperrautsa/inigoren-ahalegina