2012/05/28

Supermerkatuak eta planak


Kontsumo bulegoek supermerkatuen arriskuez ohartarazi digute sarri. Supermerkuetan ezer ez omen da kasualitatea. Den-den ondo pentsatuta dago: apalen sailkapena, lekuak, musika, argiaren indarra... Era guztietako produktuak dituzu, kolore guztietako bilgarriak... produktu tentagarrienak pasabide jendetsuenetatik gertu. Deskuidatuz gero, nahi eta behar ez dituzun gauzekin beteko duzu karroa.

Antidotoa ere eman digute: jarrera kritikoa eta arduratsua izatea; ahal dela, erosketa-zerrenda aldez aurretik prestatua eramatea.

Plan nagusiek ere badute horrelako zerbait. Ekintza-zerrenda luzeak... nork bere gustukoak hautatzeko.

Buruan dut Zestoako teknikari batek Bat aldizkarian zioena:
EBPN bulegoetan sortutako egitasmoa da, errealitatearen analisitik abiatuta baina errealitatearekin harreman zuzena eta egunerokoa ez daukan jendeak sortua. EBPN gauzatu behar dutenak, aldiz, errealitatearekin aritzen dira, errealitate hori ulertzeko eta errealitate horri aurre egiteko bide batzuk dituzte eta, horiek guztiak EBPNren eskemara egokitu behar dituzte.
Plan nagusiak beharrezkoak dira; baina... tokian tokiko planak errealitatetik gertuago daude, herritarrengandik ere bai, lankidetzarako (edo, besterik ezean, konplizitateetarako) aukera hobeak eskaintzen dituzte... Aberasgarriagoak iruditzen zaizkit.

Portzierto... entzun dut Eusko Jaurlaritzak Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria gizarteratzeko(!?prozesua abian jarri duela. Euskara21 bloga baliatu du horretarako.



No comments: