Ebroko autobidean barna
Ebroko autobidean barna, Bartzelona edo Tarragona aldera, hainbat bidaia egindakoa naiz. Eguraldi ona hasten denean alde horiek euskaldunez betetzen direla esan ohi da. Eta egia da. Errepidean bertan ere nabari-nabaria da.
Zaragoza igaro ondoren, 120 bat kilometrora, Fraga herria dago. 14.000 biztanle ditu, eta Aragoiko zonalde katalandunaren partea da.
Franja de Ponent
Aragoiko zonalde horrek Franja de Ponent du izena katalanez. Ez du inolako egitura administratibo komunik. Hizkuntzak definitzen du; eta hortaz, korapilatsua da mugak non dituen esatea.
42.000 katalan hiztun bizi da bertan: helduen artean %88,8 (2003ko datuak dira). Katalana, hala ere, ez da ofiziala, eta oso presentzia mugatua du administrazioan.
Lur zerrenda horren hego muturrean, Teruel probintzian, Matarranya eskualdean dago, eta bertan, Aguaviva.
Hizkuntza berezia (?)
Aragón TV-k telebista-saioa bat egiten du, hizkuntza-gaiak hizpide hartua: ¡Bien dicho! du izenburua. Duela gutxi, Aguaviva herriari buruzko erreportajea eman dute. Horren harian, artikulu bat agertu zen Plataforma per la Llengua erakundearen web orrian. Artikuluak haserrea erakusten du, saio osoan zehar katalanaren aipamenik ere egiten ez delako. Horren ordez, hango hizkera "bitxi eta berezia" aipatzen du aurkezleak : munduan bakarra, eta hizkuntzalarien jakinmina piztu duena.
Iritzi artikuluan honela diote:
Doncs vet aquí que gràcies a Aragón TV descobrim que existeix un poble a la Franja de Ponent que té una parla única al món on llapis es diu “llapis” i cadira, “cadira”. No sé a vosaltres, però a mi encara em cau la cara de vergonya. Osoa irakurri.
Kontraplanifikazio linguistikoa.
Ez da lehendabiziko aldia jokabide hori ikusten duguna. Valentzian ere antzeko gauzak ikusi izan dira, katalanaren batasuna ukatzeko. Sezesionismo linguistikoa deitu izan zaio horri, eta kontraplanifikazioaren adibide paradigmatikoa da.
Soziolinguistika katalanetik datorren kontzeptua da. Hizkuntza planifikazio demokratikoaren emaitzak ahultzeko eta hizkuntza dominantearen nagusitasuna laguntzeko egiten den ekintza-multzoari deritzo kontraplanifikazio linguistikoa.
Hortaz, kontraplanifikazio linguistikoa da Aragon TV-k egin duena, kontraplanifikazio linguistikoa da PPk Valentzian egiten duena, eta baita Barcina andreak Nafarroan egiten duena ere.
CIEMEN-ek Valentziako sezesionismo linguistikoari buruzko txosten argigarria egin zuen 2005ean. Interesgarria izan daiteke, horretan sakondu nahi baduzue: L’origen i l’evolució argumentativa del secessionisme lingüístic valencià.
No comments:
Post a Comment