Hizkuntza normalizazioaz ari garela, kontzeptu garrantzitsua iruditzen zait ahalmentzea: funtsezkoa, zentrala... Azken batean, normalizazioa eraldaketa-prozesua dela esan dugu, ezta?
Aitortu behar dut nik ere arazoak eta zailtasunak ditudala terminologiarekin: ahalmentzea, ahalduntzea, jabekuntza, boteretzea... Ahalmentzea erabili izan dut nik. Jabekuntza omen da gaur egun hedatuena. Boteretzea oso aukera polita da... baina zaila da ohiturak alde batera uztea.
Gehiegi landu gabe bada ere, ahalmentzeari buruzko hainbat ohar eta apunte ekarri ditut hona:
- Ahalmentzeak boterearekin du zerikusirik. Botere-harremanak aldatzeko ahalmena sortzea da.
- Prozesu bat da, eta bi alderdi ditu: (a) baliabideak eta bitartekoak eskuratzea (materialak zein sinbolikoak), eta (b) ideologien gaineko kontrola izatea (sinismenak, balioak eta jarrerak). Baliabideak eskuratzearekin batera, beraz, norberaren kontzientzia eta autopertzepzioa aldatzea da gakoa.
- Horrela ulertuta, prozesu erradikala da. Kontzeptua feminismotik garapenerako lankidetzaren arlora iragan zenean, bertsio bigunagoa ere sortu zen: boteraren egiturak kolokan jartzeari uko, eta autonomoak eta autosufizienteak izateko gaitasun indibidualak lantzea.
- Ahalmentzeak bi dimentsio ditu: pertsonala eta kolektiboa.
- Ahalmentzea soziala da (baliabide materialak eskuratu ahal izatea), politikoa (erabakiak hartzeko prozesuan parte hartu ahal izatea) eta psikologikoa (gaitasun eta ahalmen indibidualak)
- Inork ezin du inor ahalmendu: ez administrazioak eta ez gizarte antolatuak. Norberak egin behar du. Katalizatzaileak izan gaitezke; edo oztopo bihurtu. Sortzen dugun testuinguruak ahalmentzea erraztu dezake, edo oztopatu.
- Ahalmentzeari buruzko esperientziak aztertzen direnean, datu esanguratsu bat dago: talde-prozesuak erabili izan dira kasu guztietan, baita norberaren erantzukizuna landu nahi izan denean ere.
- Ikuspegi horretatik abiatuta, erakunde feministek eta berdintasunerako zerbitzuek hainbat urte daramatzate jabekuntzarako eskolak eta lantegiak antolatzen.
Mari Luz Estebanek arrazoi du: badago zer hausnartu, eta badago zer ikasi.
2 comments:
Zurea irakurrita, hauxe etorri zait burura: http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-06-03/004/001/banco_santanderren_azpeitiko_kasua.htm
Begiratu Maider Zilbetik eta Eva Martinezek zer esaten duten termino horiei buruz (ahalmendu, jabetu eta boteretu), artikulu honen bigarren orrian: http://www.google.es/url?sa=t&rct=j&q=&esrc=s&source=web&cd=1&ved=0CE8QFjAA&url=http%3A%2F%2Fwww.ueu.org%2Fdownload%2Fartikulua%2F61.4.Cilveti.pdf&ei=W8vMT762HqLX0QW5z6zpAQ&usg=AFQjCNGHSKttn4r7ZsyX8cGsrHH1kd1Rcw&sig2=NoHP2hCcME-_2N41zBDqMg
Post a Comment