2012/08/11

Inkesta soziolinguistikoa: iritziak

Aurreko sarrerak jarraipena behar zuen. Datuak interesgarriak izanagatik, erdibidean gera litezke, interpretaziorik ezean. Irakurketarik eta iritzirik ere bat baino gehiago irakurri dira. Hori da bigarren parte honen mamia: adituen iritziz, non daude gakoak?


Udako ikastaroak


Miramar jauregiko udako ikastaroak bi ikerketa kuantitatibo nagusien emaitzak aurkezteko baliatu nahi izan dituzte aurten: inkesta soziolinguistikoa eta kale neurketa. Klusterrak aurkezpenak sarean jarri ditu. Zoritxarrez, lan honetarako, mahaingurua da gehien interesatzen zaida eta ez dute haren berri eman. Bideoak irailetik aurrera egongo dira eskuragarri.

Gainera, kale neurketak aparteko irakurketa merezi duela uste dut: hurrengo BAT aldizkarian egingo du Klusterrak.


Komunikabideetan


Berriro ere zoragarria iruditu zait Berria egunkariak egin duen lana. Zonalde bakoitzeko aditu bat bilatu du, eta iritzia eskatu [hemen]. Aipamenak ere, ezin egokiagoak azpirramatu ditu:
  • Erramun Baxok: «Euskararen pizkundea egingarria da, eta egiteko bidean da Iparraldean» 
  • Xabier Isasi: «Euskaldunek kohesio guneak topatu behar dituzte Bilbon» 
  • Iñaki Iurrebaso: «Euskarazko harreman sareak trinkoagoak dira Gipuzkoan» 
  • Iñaki Mtz de Luna: «Aurrera egiteko baldintza berriak sortu behar dira Araban» 
  • Arkaitz Zarraga: «Nafarroako zenbait lekutan erresistentzia kontua da euskarak bizirik irautea»

HPS eta Kontseilua


Ez HPSk, ez Kontseiluak ez dute emaitzen irakurketa publikorik egin. Pentsatzekoa da horiek ere helduko direla. Han-hemen, ordea, iritziak eman dituzte.

Lourdes Auzmendi Euskadi Irratian entzun nuen EAEko emaitzak eman ondoren. Balorazioak hiru esakunetan laburbiltzen dira: "bide onetik", "pausu sendoak ematen", "atzeraezina da normalizazioan egiten ari garen bidea".

Kontseiluak, gehiegi sakondu gabe bada ere, iritzi kritikoagoa eman du [hemen]:
«Normalizazio prozesuaren erritmoa azkartu behar dugu gure hizkuntza berreskuratuko badugu eta gure herrian euskaraz bizi ahal izatea errealitate bihurtzeko». Horretarako, beren hauteskunde programetan «hizkuntza politika eragingarriak» jasotzeko eskatu die Bilbaok alderdiei.

Jarrerak kezka iturri?


Gustatu zait Mikel Perurena kazetariak egin duen analisia. Azken esaldi honekin geratu naiz:
/.../ nola salbatu hizkuntza bat, bostetik bat kontra baldin badaude, eta lautik hiruk ikasteko asmorik ez badute? Ez da ezkortasuna, estrategiak zorrozteko beharra baizik.
Izan ere, orain hilabete batzuk, Jaurlaritzak EAEko emaitzak aurreratu zituen xehetasun kezkagarriak ikusi nituen [hemen]
  • 1991ko eta 2011ko datuak alderatuz, euskara sustatzearen alde daudenen ehunekoak 7 puntuko igoera izan du, gutxiago dira ez alde ez aurka agertzen direnak (%26 2011n versus %31 1991n), eta oso gutxi aldatu da aurka daudenen ehunekoa (%12  2011n versus %14 1991n).
  • Hiriburuei dagokienez, Donostiako biztanleriaren %62 euskara sustatzearen alde dago, Bilboko biztanleriaren %52 eta Gasteizkoaren %42. Hiru hiriburuetako biztanleen herena ez dago ez alde ez aurka. Azkenik, aurka daudenen artean, ehunekorik altuena Gasteizek du, %27 euskara sustatzearen aurka baitaude, Bilbon gutxiago dira (%16) euskara sustatzearen aurka azaltzen direnak eta aurkako jarrerarik txikiena Donostian (%8) dago. 

Ezin irakurketa bakarra egin


Bittor Hidalgok ZUZEU albistegi digitalean artikulu esanguratsua egin du: Euskaldunak, egiak, gezurrak… eta estatistikak. Datu orokorretatik harago, Euskal Herrian egoera ezberdinak bereizi beharra azpimarratzen du. Lehen-lehenik bi egoera juridiko: (a) EAE eta Nafarroako zonalde euskalduna, eta (b) Nafarroako gainontzeko zatia eta Iparralde. Egoera oso ezberdinak dira batean eta bestean.

Sakondu nahi izatera, gainera, lehen multzo horretan ere bi gune soziolinguistiko eta bi estrategia ikusten ditu: (a.1.) erdi gunea, Euskalduna, %50 elebidunez gora, Bizkai ekialdea, Araba iparra, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko zonalde "euskalduna", (a.2.) gerriko gunea. Erdaldunagoa. Bizkai mendebaldea eta Araba zabala, Gasteiz-Bilbo hiriburuak barne.



Gaurkoz hemen utziko dut.


No comments: