Eurohiriaren ideiari buruz entzun nuen gero: Donostia-Baiona, 600.000 biztanleko metropolia. Eurohiriak, mugaz gaindiko hiria izanik, bestelako konnotazioak ere bazituen. BAT aldizkariak, 2003an, ale monografikoa argitaratu zuen, proiektuari begirada soziolinguistikoa emateko. Eurohiria hizkuntzaren aldetik mesedegarria ote zen aztertu nahi zuten. Denetariko iritziak jaso ziren.
Bernardo Atxagak Euskal Hiria defendatu zuen. Hiria hiru gauza direla esan zuen: gune fisiko bat (Urbs), jendarte edo bizilagunen multzo bat (Civitas) eta antolamendu politiko bat (Polis). Probintzialismoaren aurkako alegatoa egin nahi zuen, eta, berak aitortu bezala, kontzeptu polemiko samar atera zitzaion. [Hemen]
Ekologiaren ikuspegitik, hiri "sostenibleak" (hau da, jasangarriak) aldarrikatu dira. Hizkuntzaren aldetik "sostenibleak" izango diren hirien ideia ere entzun izan da noizbait. Egia esanik, badira horretan sakontzeko arrazoiak:
- Hegoaldeko biztanleetatik %35 (hirutik bat pasatxo) 100.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan bizi dira, hiriburuetan, alegia. Iparraldean, hala ere, ez dago tamaina horretako hiririk.
- Oro har, hirigunetzat jotzen dira 10.000 biztanleko edo gehiagoko udalerriak. Horietan bizi gara euskal herritarron %72.
- EAEko datuen arabera (Mapa Soziolinguistikoa), lau euskaldunetatik bat (%27) hiru hiriburuetako batean bizi da.
Erakargarria iruditzan zait hiriaren soziolinguistika. Hiriak EUSKAL hiriak izatea nahi dugu. Horretarako bideak eta mekanismoak ikasi nahi ditugu, normalizazioan aurrera egiteko ukitu daitezkeen palankak, alegia.
[jarraituko du]
No comments:
Post a Comment