2012/10/08

Euskal hiria(k): Bilbo vs Gasteiz

EAEko mapa soziolinguistikoak lau gune ezarri ohi ditu, elebidunen portzentaiak abiapuntutzat hartuta:  (A) elebidunak %20 edo gutxiago direnean, (B) %20-44, (C) %45-79,  (D) elebidunak %80 edo gehiago. Hiriburuei buruzko datuak sailkapen horretatik aparte ematen dira: Gasteiz eta Bilbo %25aren bueltan daude, Donostia %40tik gora. EAEko azterketa izanik, ez du Iruñea eta Baionako daturik jasotzen.

Aurreko post batean esan bezala, interesgarria iruditzen zait hirietako dinamika soziolinguistikoak aztertzea. Jolas moduan besterik ez bada ere, datuetan kuxkuxeatzen eta Gasteizko eta Bilboko egoera soziolinguistikoak alderatzen aritu nintzen aurreko batean. Jolas moduan planteatu dut, bestelako asmo handirik gabe, baina iruditzen zait Gasteizek eta Bilbok pentsa zitekeena baino antz handiagoa dutela elkarrekin.

Hona hemen emaitzak:

Ezagutza

  • Gasteizek 223.553 biztanle zituen 2006an. Bilbok 343.072 (%53 gehiago). Bien arteko aldea txikitu egin da, 1986an Bilboko biztanle kopurua Gasteizkoa halako bi baitzen. 
  • Batean zein bestean biztanleen %25 inguru euskalduna da, %24 eskaldun hartzailea. 
  • 1986tik 2006ra erdal elebakarren kopuruak behera egin du: %71etik %52ra Bilbon, eta %77tik %53ra Gasteizen. 

Ezagutza eta familia bidezko trasmisioari buruzko datuetarako Eustaten orria erabili dut: 2006ko datuak dira.

Familia bidezko jarraipena

  • Gasteiztar eta Bilbotar gehienek gaztelania dute ama-hizkuntza (%90 eta %89 hurrenez hurren).
  • Euskara edo euskara eta gaztelania ama-hizkuntza izan duten herritarren portentajea 20 urtean ez da apenas aldatu Bilbon (%8 da). Gasteizen bai: %3 izatetik %6 izatera pasatu da.
  • Familia gehienetan gaztelania da etxean erabiltzen den hizkuntza: %93 Gasteizen eta %92 Bilbon.

Erabilera

Hizkuntzen kale-erabileraren VI. neurketaren datuak erabili ditut. Honakoa azaltzen dute:
  • Gasteizek eta Bilbok bilakaera bera izan dute. 2006a bitarte goranzko joera apala izan du erabilerak, eta azken bost urtean zertxobait behera egin du. Bi hiriburuetan  % 3 ingurukoa da kale erabilera. 
  • Nabarmentzeko beste puntu bat da Gasteizen zein Bilbon (baita Iruñean ere) beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen direla. Beste hizkuntza horiek, euskarari ez ezik, gaztelaniari ere eragin diote. 

Jarrerak

Duela gutxi ezagutzera eman den V. inkesta soziolinguistikoaren arabera:
  • Bilboko biztanleriaren %52 eta Gasteizkoaren %42 euskara sustatzearen alde dago. Biztanleen herena ez dago ez alde ez aurka. Aurka daudenen artean, Gasteizek du ehunekorik altuena EAEn, %27 euskara sustatzearen aurka baitaude, Bilbon gutxiago dira (%16) euskara sustatzearen aurka azaltzen direnak. 

Euskararen sustapena udaletatik

Siadecok Eusko Jaurlaritzarako bi urtean behin egiten duen azterlana erabili dut. 2008ko datuak dira argiratu diren azkenak. Txostenak honela dio:
  • Gasteizko Udalaren 2008. urteko aurrekontu osoa 405 milioi eurokoa izan da, eta euskararen normalizazio eta sustapenera likidatutakoa, 2,9 milioi euro inguru, hau da aurrekontu osoaren %0,73. Orain bi urteko datuekin alderatuta, igo egin da kopuru absolutuetan euskarari eskainitako aurrekontua (%13,22), baina jaitsi egin da aurrekontu osoarekiko proportzionalki euskarari eskainitakoa (%0,81etik, %0,73ra).
  • Bilboko aurrekontu osoa 543 milioi eurokoa izan da 2008. urtean, eta euskararen normalizazioari eskainitakoa 2,8 milioi euro inguru, hots, aurrekontu osoaren %0,52. Orain bi urteko datuekiko, igo egin da euskarari eskainitakoa, bai kopuru absolutuetan (%28,0 igo da), bai proportzionalki aurrekontu osoarekiko (%0,47tik %0,52ra pasa da).
Kontseiluak udalen hizkuntza-politikaren neurketa egin du 2010 urtean (bigarrena izan da, lehena 2006 urtean egin baitzuen). Hainbat elementu neurtu dira (erabaki orokorrak, hizkuntza-paisaia, langileen euskara gaitasuna, komunikazioa, kultur ekintzak, hezkuntza, euskalgintza, zerbitzuak, merkataritza, kirola eta aisialdia...) eta behatutakoa zenbaki bakar batera ekartzeko ahalegindu..

Ranking-ean 41 postuan dago Gasteiz eta 43an Bilbo. Gasteizek 4,05 puntu jaso ditu (10etik), Bilbok 3,9.

2 comments:

assar said...

Badago oso garrantzitsua den eta kontuan izan ez den datu bat.

Azken hauteskundeen datuak:

Bilbon
EAJ %31,74
PP %23,19
PSOE %22,19
Amaiur %13,95

Gasteizen
EAJ %16,11
PP %29,69
PSOE %25,89
Amaiur %16,75

Ez ditut hartu udal hauteskundeen emaitzak, hor politikari jakinen efektua handiagoa delako.

Orain galdera: zergatik euskararen inguruko egoera hain antzekoa da, batean EAJk+Amaiurrek %45 badute, eta besteak soilik %33a? Eta batez ere, zergatik EAJk Bilbon %31 baditu, eta Gasteizen %16?

allartean said...

Galdera erretorikoa da, ezta?
Ez dut erantzunik. Dena den, inkesta soziolinguistikoarekin gehiegi fidatu gabe ere, iruditzen zait euskararekiko jarreretan ezberdintasun esanguratsuak daudela. Euskara sustatzearen "kontra" %27 Gasteizen eta %16 Bilbon...Uff!

Beste kontu bat aipatu ez dudana: azken 20 urtean udal gobernuetan egon diren alderdien kolorea...