Bereziak dira hirurak: soziolinguistika pilula txikiak, nonbait.
- EiTBk Imanol Cover lehiaketa antolatu du egun hauetan. Antiguako abeslariaren kantuen bertsioak egin behar izan dituzte partaideek. Irabazleak Nire Euskaltasuna kantua aukeratu du, Koldo Izagirrek idatzia eta Imanolek musikatua. Bikaina da Juan Luis Zabalak horretaz idatzi duen iruzkina: Gure Euskaltasuna.
- Joxe Agustin Arrietak EKT ikastaroa bisitatu du, duela gutxi. Euskadi Irratiak urriko saioen laburpena egin du, eta hor izan dugu saio horien berri. Joxe Agustinek Izokinaren Kantua olerkia irakurri omen zuen, euskarari buruzko bere ikuspuntua azaltzeko. Jazten aldizkariaren 10. zenbakian aurkitu dut olerki horren testua [1994].
- Julen Arexolaleibak ere ikastaroa bisitatu du, eta begirada kritikoa eman die soziolinguistika datuei. Harek ere olerki bat hartu nahi izan du, bere ikuspegia hobeki ilustratzeko: Joxean Artzeren Ez Gaituzte Ezagutzen aukeratu du. [Audioa]
Ideia ona iruditu zait hirurak hemen biltzea, zein baino zein iradokitzaileagoa iruditu baitzaizkit hirurak.
Koldo Izagirre: Nire Euskaltasuna
Nire euskaltasuna baso bat da,
eta ez du zuhaitz jenealogikorik.
Nire euskaltasuna dorre bat da,
eta ez du Alostorrerik.
Nire euskaltasuna bide bat da,
eta ez du zaldizkorik.
Nire euskaltasuna lore bat da,
eta ez du aldarerik.
Nire euskaltasuna itsaso bat da,
eta ez du almiranterik.
Nire euskaltasuna liburu bat da,
eta ez du sotanarik.
Nire euskaltasuna mundu bat da,
eta ez du Amerikarik.
Nire euskaltasuna bertso bat da,
eta ez du txapelik.
Nire euskaltasuna pekatu bat da,
eta ez du mea-kulparik.
Jose Agustin Arrieta: Izokinaren Kantua
Ur gazi-goxozko
padura lohitsutan
nahi gaituzte itoarazi
anaiarrebok...
Itsas bazterreko ibiltzetan
sakailaturik
sakabanaturik
hondakin erkinok...
Ur axal geldozko
arnas larri etsituan
-ibai kutsatuek helbiderik ez-
itsasoa ala hil
beste ostertzerik ez
gure sakatz dardartientzat
-"Lehen amuarrainak ginenean
ez ginen horren errukarri"
diote erostaka leinuko goibelek
samaldaka
nola datozen ikusiz
saldoka
(salduka)
gure padura geltokira
sats-isurkinetatik ihesi
ezkailu gazteak
paduraren patu hitsera
itomenaren labe mortura:
urlo-zoko bakanetan iraun
ala
geure buruaz beste
itsasora.
-"Lehen amuarrainak ginenean..."
ez gara, ordea
ezin jadanik izan gaitezke!
indar anker bezain ustelak
oker bezain doilorrak
aspaldi bilakarazi baikintuen
IZOKIN
amuarrain-oihok.
Artze: Ez Gaituzte Ezagutzen
erdaldunek ez gaituzte ezagutzen gure hizkuntzan, eta hizkuntza arrotzean haiek ezin gu egiaz ezagutu, eta ezagutzen ez dena, nola maite?
guk ezagutzen ditugu heurak heuren hizkuntzan eta erakutsi diegu nola ditugun rnaite, haiek bezain ondo,
haien erdara guztiok ikasiz.
luza gabe ikusiko dute hori
eta erdaldunok ere maitatuko gaituzte; maitatuko dute hemengo euskara, maite badugu guk geure hizkuntza.
eta ziur gaude, horiek ere,
gaur ez bada bihar,
erakutsiko digutela nola gaituzten maite gure euskara guk bezala ikasiz,
gure hizkuntza beren hizkuntza eginez eta gure herria beren herri, zinez.
ezagutzen ditugun bezala ezagutuko gaituzte
eta hizkuntza berak gaitu senidetuko guztiok.
elkarrekin bizi eta elkar ez ezagutzeak ez baitakar ezinikusia eta gorrotoa besterik;
eta, erne!,
gorrotoz duenean batak bestea menperatzenen, garailea izaten da-ta menperatuena; "erleak inor ausikitzen duenean,
bere burua ausikitzenago" duen bezala.
aldiz, maitasunaren bidez batak bestea garaitzen duenean,
bata nola bestea, biok irteten dira garaile!
No comments:
Post a Comment