Euskaraz hitz egin nahi izateagatik baztertuak sentitu diren galdetu diete euskaldunei (euskaraz aski ongi edo oso ongi hitz egiten dutela diotenei), eta beste horrenbeste erdaldunei (euskaraz pixka bat, hitz batzuk soilik edo batere ez dakitela esan dutenei): alegia, euskaraz ez jakiteagatik baztertuak sentitu diren.
Euskal herri osoan 3822 inkesta egin ziren. Hona emaitza:
- Euskaldunen %25ek esan dute inoiz baztertuak sentitu direla: 277 pertsona.
- Erdaldunen artean %20 izan dira baztertuak sentitu direla esan dutenak: 542 pertsona.
Bitxia, ezta? Dena den, zenbakiak tranposoak dira batzuetan.
Iñaki Martinez de Lunak eta Larraitz Mendizabalek artikulu bat argitaratu zuten BAT aldizkarian, eta hainbat nabardura egin:
Bat. /.../ baliteke elkarbizitza baketsu hori egoera idiliko baten isla baino, egoera diglosikoa barneratzearen ondorio gordina izatea.
Bi. Ez-euskaldunei dagokienean berriz, ikerketako datuei erreparatuta, badirudi bi bizipen mota oso desberdin daudela hizkuntza dela eta baztertuak sentitu direnengan: Batzuek (batez ere Iparraldean eta Nafarroan) euskararekiko jarrera positiboa agertzen dute, euskal herritar sentimendua ere bai, eta dirudienez euskaraz ez jakitea beren muga bat bezala bizi dute, batez ere harreman pertsonaletan oztopo bilakatzen zaien muga pertsonala. Beste batzuek aldiz (gehienbat EAEn), ez dute euskararekiko jarrera positiborik eta gehienbat espainiar sentitzen dira eta euskara inposatu egiten delako diskurtsoa barneratu dutela dirudi, honela euskaraz ez jakiteagatik bidezkoa ez den bazterketa jasaten dutela sentitzen dutelarik.Duela egun batzuk Manuel Castells-ek elkarrizketa batean esandakoa etorri zait burura: "La dominación perfecta es la que no se siente."
No comments:
Post a Comment