2013/04/06

Ikasi eta erabili

Mikel Zalbide hizlari ona da, gauza interesgarri asko esaten ditu, eta probokazioa ere gustatzen zaiola esango nuke. Erakusten dituen konbentzimendua eta ziurtasuna gustuko ditut, nahiz eta esaten dituenak ehuneko ehunean ez nituzkeen sinatuko.

Soziolinguistika jardunaldian, ARRUE proiektua aurkeztu zutenean, euskalduntzearen estrategiaren erdigunean erabilera jarri  beharra aldarrikatu zuen. Haindik gutxira, Bidea marraztera goaz! izeneko jardunaldietan egon zen, eta han ere indarrean dagoen paradigmaren inguruan aritu da: lehenik herritarrak euskaltzaletu egin behar ditugu... euskara ikasi egingo dute, eta gero erabili... motibazioa, ezagutza eta erabilera. Bere ustez, paradigma erabat logiko eta erakargarria da. Akats bakarra omen du: gezurrezkoa dela. Hik Hasi aldizkarian ere artikulu interesgarria argitaratu du ildo beretik. Han, lehengo paradigma horri “lehenik ikasi, gero erabili” deitu dio, eta berriz ere kritikatu: "pedalei emanez ikasten delako bizikletan ibiltzen, ez alderantziz".

Aipamen horiek guztiek Pello Jauregi irakaslearen lana ekarri didate gogora: Berezko taldeak euskalduntzeko ikas estrategia tesia egin zuen orain dela hainbat urte. Egitasmoa bi ideien inguruan egituratu zuen: (a) eraginkorra dela euskalduntzea ikuspuntu kolektibo batetik ikustea; (b) eta ikaste-prozesua ezin dela gelara mugatu; gelatik kanpo ere posiblea dela, erabileratik abiatua. Tesi hauetatik abiatuta, kuadrillategi proiektua sortu zen.

Tesia 1994an argitaratu zuen. Orduko oinarri teoriko-pedagogikoak gaindituak egongo dira ziur aski. Euskaltegi eta ikastetxeetako geletan ere erabilerak bestelako zentralitatea lortu duela imaginatzen dut. Kezka, hala ere, hortxe dago. Pello Jauregik berak hainbat urte beranduago gidatu zuen "Gazteak eta euskara Lasarte-Orian II" ikerketan antzeko haunsarketak irakur daitezke:
"Gure irudikoz, euskarazko erabilerak ez du aurrerapen nabarmenik ezagutuko, baldin eta gizarte multzo handiek, eskolaz gain, ez badute euskarazko esperientzia luze eta sakonik talde informalen batean, dela talde hori familia den, dela sare horizontaleko talderen bat den. Berezko talde informal horietan garatzen baitira benetan hizkuntzazko erraztasuna, atxikimendua eta ohitura".
Ignasi Vila irakasleari ere "ikasketa horizontalak" kontzeptua entzun izan diot, eta gustatu egin zait.

Oharra:
Benito Fizek Ikasgelatik Plazara. Hizkuntzaren normalizazioari helduen euskalduntzetik heldu nahian artikulua argitaratu zuen 2007an BAT aldizkarian. Artikulua berreskuratu dut, lasaiago irakurtzeko. Gaizki gogoratzen ez badut, horri guztiari buruzko pista asko ematen zituen.

No comments: