2013/06/09

Hizkuntzak etxeko egongelan...

Les llengües al sofà liburuak "La Lupa d'Or" saria irabazi zuen 2011. urtean. Kataluniako familia eleanitzak aztertzen ditu: beren jokabideak eta beren ideologia linguistikoak, 83 elkarrizketatan lortutako informazioaren baitan.

Paula Kasaresek ere antzeko gaia izan du Bat aldizkariaren 85 zenbakian: "Euskaldun hazi Iruñean. Inguru erdaldun(du)etako familien hizkuntza elkarrekintza eta komunitate aukerak". Bere esanetan, "eskola bidez edo gaztetan euskaldundu diren hiztunetako batzuk euskarari atxiki zaizkio eta aita-amatu direlarik seme-alabei hizkuntza horretan egitea deliberatu dute". Nola egin duten da aztergaia.

Paulak azaltzen duen bezala, Iruñea bezalako ingurune erdaldunduan euskaraz bizi eta umeak euskaldun hazi nahi dituzten familiek hautu-erabaki askotxo hartu behar izaten dute, baita eskolan hizkuntza eredua hautatu aurretik ere. Erabaki horiek guztiak aztertzen saiatu da.

Bikote mistoen kasuan, esate baterako, gutxieneko baldintza batzuk proposatzen ditu artikuluak: adostea guraso euskaldunak seme-alabari euskaraz egingo diola, guraso horrek euskarazko harremanari tinko eustea, elkarrekin denbora aski izatea, haurrak etxetik at (eskolan eta) ere euskaraz aritzea...

Guretik at, hainbat liburu ikusi dut, familia elebidunentzat estrategia jakinak proposatzen dituztenak. Interneten bertan, esate baterako, bi aurkitu ditut: bat katalanez eta bestea ingelesez (biak doan jaistekoak): Estratègies de transmissió lingüística en famílies plurilingües eta 7 Steps to Raising a Bilingual Child. Batzuetan inpresioa izan dut liburu horiek "errezetak" eman nahi izan dituztela, "errezetak" ematerik ez dagoen lekuan.

Aurreko sarreran hibridazio linguistikoaren gaia aipatu nuen, eta Joan Pujolarren aipu bat ekarri: "Gazteek etxean nagusiki hizkuntza batean ala bestean hitz egitetik, kalean hibridazio-prozesu batera igaro dira, non hizkuntza bat ala bestea erabiltzen den, egoeraren arabera". Gurean ere badago zer aztertu, Euskal Herriko hainbat ingurutan hibridazio fenomenoa etxeko giroan bertan gertatzen ari baita.

Hautu-erabakiak eta estrategiak ezezik, ingurune erdaldun(du)etako familien barneko hizkuntza elkarrekintzak ere aztertu nahi izan ditu. Oso lan interesgarria da, haurrek elkarrekintza horietan funtseko gauzak ikasten baitituzte: "bi kodeak nola erabili, non, norekin eta zertarako, bi kodeak noiz bereizi, noiz nahasi (...)"

Merezi du testu osoa irakurtzea (erreferentzia hemen), baita iaz egileak berak honi buruz argitaratu zuen beste artikulua ere (hemen).

2 comments:

garaigoikoa said...

Euskaraz ere badago gomendio liburu bat, gutxienez ...

http://www.emangiltza.com/dokumentuak/UME%20ELEBIDUNEN%20GURASOENTZAKO%20ESKULIBURUA.pdf

allartean said...

Garaigoikoak arrazoi du. Familia bidezko transmisioaren inguruan oso material interesgarriak daude euskaraz argitaratuak. Eman Giltza oso bilduma polita da [eskerrik asko erreferentziagatik! ;-), ez nuen ezagutzen.]

Ezagutzen dudantxotik beste aipu pare bat egin nahi nuke nik: Pello Jauregirena (Bikoteen artean hizkuntza ohituren aldaketa) eta HABEk orain dela hainbat urte argitaratu zuena (Etxean zer ikusi, hura ikasi). Biak ala biak oso aberasgarriak iruditzen zaizkit.

Sarrera honetan, halere ere,beste zerbait azpimarratu nahi nuen. Garrantzitsua iruditzen zait eskolan eta euskaltegian euskara ikasi duten gurasoek familian nolako jokabidea duten aztertzea: uste dut oso kontu argigarria izan daitekeela.

Bestela ere, familia euskaldunetan, nahiko argi dago euskaraz nagusiki euskaraz egitetik, etxean ere hizkuntza biak nahastera igarotzen ari garela (hibridazioa). Horri ere heldu behar zaiola iruditzen zait: familiaren baitan hizkuntza bata eta bestea noiz, nola, zergatik, zertarako… erabiltzen den aztertu, eta… eztakitpa! Horretaz pentsatu, besterik ez bada ere!