Joan den astean, euskaltegien 2013/14 ikasturte hasierako ekitaldi akademikoan, hitzaldia egin zuen Bernardo Atxagak. Bideoa sarean ikus daiteke dagoeneko: hemen
Pentsamendu metaforikoari buruzko zeozer idatzita daukat blog honetan (hemen eta hemen, adibidez). Gai interesgarria iruditzen zait. Hitzaldian... bat, bi, hiru, lau... bost figura ezberdin erabili ditu Atxagak.
Honakoak:
[Bat: Xaboia]
Abdetfattah Kilito izeneko idazleak esandakoa aipatu du, alegia, hizkuntza dela xaboaiaren kontrakoa:Hitzak ez du antzik xaboiarekin. Zenbat eta gehiago erabili xaboia, orduan eta urrituago eta gastatuago; hitzak, ordea, alderantziz, zenbat eta erabiliago orduan eta aberatsago
[Ezaguna baina indartsua]
[Bi: Zubia]
Zubi zail, estu, hauskor eta aurriskutsua irudikatu du:...zubi horren alde batean erdarak daudela, gaztelania dagoela, batez ere, eta beste aldean ba euskara dagoela; bi lurralde oso desberdin. Zubiaren alde bat, esan beharrik ez dago, oso eremu zabala da, izugarria, eta bestea eremu laburragoa. Eta zubia behar da hizkuntza alor batetik bestera joateko, eta zubi hori, bistan da, itzulpena da.[Kontxo... uste nuen euskaltegiak aipatuko zituela, baina ez...]
[Hiru: Kanpaia eta mailua]
Istorio baten bidez azaldu du:... gure herriko kanpai izugarri handia erori egin zen, eta eraman egin beharra zegoen, baina kanpaia izugarria zen, pisu izugarria zeukan, eta ez ziren gauza kanpai hori eramateko, ez idiekin, ezta inola ere… orduan puskatzea erabaki zuten, eta puskatzeko lanetan gure herri horretan ba indarra asko omen da eta orduan indartsu guztiak etorri ziren eta hasi ziren porrarekin kanpai hori puskatu nahian. Eta lortu zuten gauza bakarra izan zen, nik ez dakit medikuek nola deituko dioten, baina izan zen besoak eta zeharo erasatea, zergatik denak gelditu ziren ba gaizki besoekin, jakina porrarekin eman, eta ba kanpaiak itzuli egiten zuen nolabait golpea. Eta orduan hondatu ziren herri horretako beso asko. Eta halako batean, nonbait, beste herri bateko gizon txiki-txiki bat etorri omen zen, mailu txiki-txiki batekin, eta orduan begiratu zuen, eta ikusi zuen, berak bazekien, eta orduan ikusi zuen berak puntu bat, mailu txiki horrekin puntu hartan jo zuen eta kanpaia puskatu egin zen.[Sarri halaxe gabiltz, ezta? Kolpea non jo asmatu ezinik.]
[Lau: Urrea eta moneta]
Gaizki ulertu ez badut, hizkuntzaren eta pentsamendu politiko nazionalistaren arteko loturaz ari da......Breton Woods izeneko bilera bat gertatu arte, hark halako, harreman halako lotura bat egon behar zuen urrearen eta paperaren artean. Hori da, diruak eduki behar zuen atzetik benetan balioa zeukan zerbait. Eta hori zen urrea.
Bueno, kontua da harreman hau, urrearen eta monetaren arteko harreman hau, baita ere egon dela edo dagoela hizkuntzaren eta politikaren artean.[Komentariorik ez.]
[Eta bost: Aingura eta kortxoa]
Euskalgintzan guztiok noizonoiz geure buruari egin diogun galdera da: zergatik ari gara lehia honetan? Ainguruaren eta kortxoaren figurak erabili ditu:Baina gaur egun, esate baterako, aipatu dugun gizarte, sektore izugarri zabal hori, nazionalismoaren baitan hezi dena, horrek badauka aingura bat, eusteko aingura bat, ez dadin errekan joan euskara, ez dadin zubitik erori eta errekan joan. Badauka aingura bat. Benetan euskarri on bat da ideologia hori? Ala kortxoa da? Edozein ur-txirripak eramaten duena? Ez dut erantzunik.[Nik ere ez.]
Ez naiz literaturan aditua. Oro har, interesgarriak iruditzu zaizkit, nahiz eta ideia bat edo beste eztabaidagarria gertatu.
Ongi izan!
No comments:
Post a Comment