2013/09/26

Dilemak, tetralemak eta euskarari buruzko iritzi-joerak


Tetralemak


Bateraezinak diren bi irtenbide dituzten arazoak dira dilemak. “A ala B” gisako formulazioak dira... Hizkera arruntean, gainera, hitzak badu beste konnotazioa bat: bi aukera txarren aurrean, horietako bat aukeratu behar izatea.

Cimas erakundeak gaia landu du, eta dilemak gainditu beharra aldarrikatu. Beren ustez dilemak egoeraren argazki partzialak besterik ez dira. Dilemaren baitan egoerak blokeatu egiten dira, ezin baita erabakirik hartu galtzailerik gabe.

Hori gainditzeko, tetralemak erabiltzen dituzte. Jendearen diskurtsoetan pistak bilatzen dituzte, ardatz emergente bat antzemateko: dilema gainditzen duen ardatz bat, ez A eta ez B, edo (zergatik ez?) bai A eta bai B.

Azalpen bat: hemen


Transcend


Johan Galtung Noruegako politologo eta soziologoak Bakea eta Gatazka ditu aztergai. Bere ustez, gatazka bat ezin da konpondu: gatazka eraldatu egin behar da. "Transend metodoa" garatu du horretarako.

Metodo horren baitan antzeko planteamandua egiten du. Koordenatu kartesianoen sistema bat erabiltzen du, eta bertan 5 eszenario marraztu:
(1) Jarrera bat nagusitzea.
(2) Kontrako jarrera nagusitzea.
(3) Ez bata, ez bestea; eztabaidari uko egitea.
(4) Negoziazioa: jarrera bat ez nagusitzea; bi jarreren arteko konpromisoa lortzea, nork bere helburuak bete-betean lortzen ez baditu ere.
(5) Transzendentzia: egoera bera aldatzea, baita jarrerak ere.

Honi guztiari buruzko azalpen interesgarri bat hemen (pdf)


Euskarari buruzko iritzi-joerak


Hori guztia zertara datorren?

Bada, Prospekzio Soziologikoen Kabineteak (Iñaki Martinez de Lunak) argitaratu berri duen liburuxkan (Euskara EAEn: gaitasuna, erabilera eta iritzia) hainbat ideia dago, niri bereziki interesgarriak iruditu zaizkidanak.

Ondorioak eta gogoetak atalaren barruan, adibidez, honako hau dakar:
Oinarrian erabiltzen ari garen "Euskara: erabilera, jarrerak, politikak" ikerketa berrartuz lau dira inkesta horretako emaitzen harira argi eta garbi osatu diren iritzi-joera nagusiak: lehenik, joera Euskaltzalea edo euskararen aldekoa; ondoren hizkuntzarekiko Mesfidatia den iritzi-joera; hirugarrenik, Onarpen Pasiboaren iritzia eta, azkenik, euskarari Abantaila Sozialak egozten dizkion joera.

Zalantzak zalantza, horretaz ari gara, ezta? Egungo iritziak eta diskurtsoak abiapuntutzat harturik, diskurtso eta ikuspegi berri bat sortu nahian, normalizazioaren bidetik are urrunago eramango gaituena. Helburua horixe baita: ahalik eta urrunen iristea.




No comments: