2013/11/24

Historia eta memoria [storytelling-4]

Aipu zehatza ez dut gogoratzen, ezta nork esan zuen ere, baina behin irakurri nuenaren arabera: "historia ekintzez osatua da; eta eleberria sentimenduz". Ez zait iruditzen.

Sail honetako laugarren atala da (eta azkena, ziur aski)... Lau ataletan, euskalgintzaren "kontakizunei buruz" hitz egin nahi izan dut: bizipenez [storytelling-1], praktikaz eta jardunez [storytelling-2], istorioez eta literaturaz [storytelling-3], eta amaierarako utzi dut mardulena: historia eta memoria.

Mardulena izateagatik eta mardulena izanagatik, zalantzak izan ditut azken honi buruz idaztea merezi ote duen. Mardulena izanagatik edo mardulena izateagatik, azken hau aurrekoak baino arinago lantzeko baimena eskatu behar dizuet. Pretentziosoegia litzateke, nire aldetik, zer eta euskalgintzaren historia blog-sarrera batean "bentilatu" nahi izatea. Tartetxo honetan erreferentzia batzuk ematen saiatu naiz: ezta esanguratsuenak ere, ozta-ozta gustatu eta interesatu zaizkidan lan (gutxi) batzuk aipatzea besterik ez.

Hasteko, hiru:
[bat]
«Euskara Jendea», Xamarrena. Lehendabiziko erreferentzia da, eta ezinbestekoa. Liburua gustatu zitzaidan, dokumentalek liluratu, idazleak txunditu. Euskararen historia... euskararen historia horixe besterik ez baita, euskaldunon historia... euskara jendearen historia. 
[bi]
«El libro negro del euskera», Joan Mari Torrealdairena. Historia liburua baino... kronika-liburua dela esango nuke: euskararen zapalketaren kronika. Oso didaktikoa.
[hiru]
«Espainolak eta euskaldunak», Joxe Azurmendirena. Liburu garrantzitsua da gai hauekin kezkatuta dagoen edonorentzat. Obraren muina espainolen eta euskaldunen mitologia eta ideologia linguistikoen historiak osatzen du.
(Liburu honekin oso gauza bitxia gertatu zait. 1992an irakurri nuen, eta mesanotxeko kajoian utzi nuen, handik gutxira berriro irakurri nahian. Horrez geroztik, hor ibili da, etxetik bueltaka,  harik eta joan den astean berriro hartu eta irakurtzen hasi arte. Nola esan... Horren gustukoak izanik, beti beste egun baterako utzi, eta inoiz janzten ez dituzun praka horiek bezalakoa izan da; edo horren gozoa izanik, amaierarako utzi, eta gero gogorik gabe jaten dugun janari horren modukoa. Antropologoek horri autolimitazioa deitzen diotela irakurri dut nonbait.)
Hainbat historialari  historia eta memoria bereiztearen aldekoak dira. Memoria kontzeptu ideologikoa dela diote. Kolektibitateak beren iraganarekin lotzeko ahalegina da. Errelato propioa sortzea da: hainbat ekintza eta prozesu historiko elkarri lotu, nork bere errelatoa egiteko. Gure iraganari buruz zer kontatu nahi dugun erabakitzea da.

Batzuek uste dute memoria "egia ofizial bat" sortzeko ahalegina dela, zerbait "fozilizatua". Defendatzen dute historia dinamikoa izan behar dela, eta etengabe berridatzi, datu berriak sortu ahala.

Baliteke arrazoia izatea, baina... guk gure historia kontatzen ez badugu, nork egingo du? Beste batek gure ordez egingo duen kontakizuna onartu behar al dugu halabeharrez?
[lau]
Historiatik memoriarako bide horretan, ikastolei buruzkoa da ezagutzen dudan lanik esanguratsuena, Patxi Juaristi markinarrak idatzitakoa: «Ikastola mugimendua, dabilen herria: ikastola eredua 1960-2010» (Euskaltzaindiaren web orritik jaitsi daiteke, baina 55 MB ditu). 
Ez da bakarra, jakina. Euskaltegiek ere, zeinek bere aldetik, egina dute lan hori. Euskara elkarte askok ere bai. Herriz herri, ere ahalegintxo batzuk egin izan dira...

Duela aste pare bat  «Su haietatik hitz hauek» proiektua aurkeztu dute Donostian: liburua, web orria eta ikuskizuna (hemen). Ez ote genuke beste horrenbeste egin beharko, eta, herriz herri, euskararen memoria osatuz joan?

Lan interesgarria litzateke horien guztien erreferentziak nonbait biltzea.

2013/11/18

Fikzioa [storytelling-3]

Udaberri aldean kontakizun laburrez osatutako liburu berria eman zuen Mariasun Landa idazleak: «Inurrien hiztegia». Istorio hau handik atera dut:

Inurri batek bere bizitza kontatzeko sekulako premia sentitu zuen. Hori idazten bazuen autobiografia izango litzatekeela esan zioten. Eta hitz berri harekin txoratuta, gogo biziz ekin zion lanari.
Haurtzaroa etorri zitzaion gogora eta inurritegi bat ikusi zuen. Helduaroa etorri zitzaion gogora eta inurriritegi bera ikusi zuen, lankidez betea, baina ezin zen haien izenez gogoratu. Bizipenen errepasoa egin eta, euriaren eraginez inurritegia urpean geratu zeneko eguna salbu, ezin izan zuen gertakizun gehiagoz harro agertu.
Hala ere, inurri tematia zen eta, bere garaiko inurrien paradigma zelakoan, uste eta egitasun osoz idatzi zuen, bere benetako bizitza baino gehiago bizitu nahi lukeena.
Baina autobiografia hau ez da egia!, zioten lotsagabe batzuek.
Ezjakin halakoak! Autobiografia gauza zaharkitua da, orain autofikzioa da puri-purian dagoena.
Liburua best seller bat izan zen urte hartan.
2010ean «Autokarabana» eleberria argitaratu zuen Fermin Etxegoienek. Gure txikitasunean (geu ere inurriak baikara) liburu hori ere best seller bat izan zen urte hartan. Irakurri al duzue? Bai, badakit... ez da euskararen munduari buruzko eleberri bat, baina ezagutzen dudan nobela bakarra da pertsonaien artean euskara teknikari bat duena.

Literatura leku eta garai bateko gizartearen isla dela esan izan da. Hortaz... zergatik inork ez ditu gure istorioak kontatu? Horren ezdeusak al gara?

Beste bi liburu etorri zaizkit burura: Joxean Sagastizabalen «Kutsidazu bidea, Ixabel» eta Urtz Apalategiaren  «Gure gauzak SA» liburua; euskara ikasleen mundua, eta euskal kulturaren kritika fabulatua. Lagin txikiegia da, ezta?

Gehiago ezagutzen al duzue?

2013/11/08

Sistematizazioa [storytelling-2]


Euskara Planak: eta gure istorioa kontatuko bagenu? 

Aurreko astean gaia hor utzi nuen, eta hor hartuko dut oraingoan. Aurrekoa prestatzen ari nintzela, Elhuyarrek 2007an argitaratu zuen Euskara Planak: Nondik gatoz, non gaude eta nora goaz liburuxka etorri zitzaidan burura: ez da oso lan ezaguna, baina bai esanguratsua.

Elhuyar aholkularitzak esperientziak sistematizatzeko proiektu batean parte hartu zuen, Euskal Herriko zein atzerriko hainbat erakunderekin batera. Esan bezala, era askotako elkarteak zeuden tartean: den-denak ikuspegi parte-hartzaile batetik gizarte-eremu ezberdinetan eraldatze-prozesuak laguntzen jarduten zuten elkarteak ziren.

Nork bere esperientzia landu aurretik, metodologia landu zuten, eta bederatzi pausu proposatu:
  1. Abiapuntua
  2. Hasierako galderak
  3. Bizitako prozesua berreskuratzea
  4. Sakoneko hausnarketa
  5. Helmugak
  6. Gure irakaspenak komunikatzen
  7. Ezagutza osatu eta lantzea

Hasierako hiru galderetatik abiatzea proposatu zuten:
  • Zertarako sistematizatu nahi dugu? Helburua
  • Zer esperientzia sistematizatu nahi dugu? Objektua
  • Esperientzia horren zer alderdi interesatzen zaigu sistematizatzea? Ardatza

Eta hortik aurrera... istorioa berreskuratu:
  • Aktak, txostenak, ebaluazioak... berrikusi; 
  • Parte hartu zuten teknikariekin batera, ekintzak eta une garrantzitsuenak identifikatu;
  • Une horietako bakoitzean zer gertatu zen kontatu, aurrera ala atzera egiteko balio izan zuen, aktore bakoitzak zer egin zuen, bakoitzak nola jokatu zuen, bizipenak, bakoitzak une hori nola bizi izan zuen...
  • Hausnarketa dator gero, galdera kritikoak identifikatu eta "kontakizunari galdera horiek egin", ondorioak ateratzen saiateko. 

Ziur aski emaitza ez da oso deigarria izango, baina prozesua oso-oso aberasgarria iruditzen zait. Adibide polita da erakusteko narraziogintza nola erabili ahal dugun, gure praktikatik ikasteko.

Liburuak hemen dituzue: 

2013/11/02

Kontulariak [storytelling-1]

Orain dela hainbat urte HIZPIDE aldizkariaren ale monografiko bat atondu zuten Lourdes Elosegi eta Pello Esnal HABEko teknikariek. Honakoa: Euskaltegi-kurrikuluak egiteko jardunbide bat (Hizpide aldizkaria, 57. alea, 2004). Bronckart irakaslearen lanak gidari hartuta, bi mundu erabat ezberdin dagoela defendatu zuten: azalpenaren mundua eta kontakizunaren mundua. Horien barruan sailkapen ezberdinak egon daitezke (solaskideen inplikazio mailaren arabera): azalpen interaktiboa, diskurtso teorikoa, kontaketa konbertsazionala, narrazioa... Baina, funtsean bi mundu diskurtsibo direla defendatu dute.

Azalpenaren eta kontazikunaren artean ezberdintasun formalak daude: testuaren antolamendua, gehien agertzen diren kategoria gramatikalak... baina benetako ezberdintasunak are sakonagoak direla iruditzen zait: azalpenaren mundua arrazoibidean oinarritzen da; kontakizunaren mundua, ekintzetan eta emozioetan.

Biografia batean, esate baterako, egoerak eta sentipenak daude, baita gauza gehiago ere bai: oroitzapenak nola hautatzen diren, kontatzen direnak eta kontatzen ez direnak, ekintzak nola interpretatzen diren, sinismenak, baloreak... Narrazioaren fluxua bilatzen dugu, baina diskontinuitateak ere oso esanguratsuak dira.

Gogoan dut Pierre Bourdieu soziologo eta filosofoaren testu bat:
Tenemos, sin duda, el derecho de suponer que el relato autobiografico se inspira siempre, al menos en parte, en el deseo de dar sentido, dar razón, extraer una lógica a la vez retrospectiva y prospectiva, una consistencia y una constancia, estableciendo relaciones inteligibles, como las del efecto a la causa eficiente o final, entre los estados sucesivos, constituidos de este modo en etapas de un desarrollo necesario
Oroimena narrazio bihurtzen denean, hainbat egoera eta egintza hautatzen ditugu eta beste batzuk ahantzi edo estali. Narrazioari koherentzia, zentzua eta norabidea ematen diegu: egungo errealitatetik interpretatzen dugu ibilbidea. Narrazio batean ez gara mugatzen esperientzia edo ibilbidea kontatzera... eraiki (edo berreraiki) egiten dugu.

Narraziogintza psikologian erabili izan da. Terapia narratiboen oinarria horixe da: gure buruari kontatzen dizkiogun istorioak berregiten saiatzea. Twitter-en irakurri nuen:
Nahiz eta orain arte senaz egin, gaur konturatu naiz zein garrantzitsua den zure buruari, zure bizitzaren istorio koherente bat kontatzea. — Gorka Julio (@teketen) July 29, 2013
Erakundeekin ere beste horrenbeste gertatzen da: erakunde osasuntsua izateko, beharrezkoa da bere buruari buruzko istorio koherente bat eraikitzea.

Narraziogintza formazioan ere erabili izan da. Narratibak esperientzia egituratzen laguntzen du eta ezagutza ez-kontzientea mobilizatzen du: ezagutza tazitoa ezagutza esplizitua bihurtzen du. Jakin bai, baina dakigunik ere ez dakiguna da ezagutza tazitoa.

Narraziogintza gizarte zientzietan erabili izan da. Joan Josep Pujular irakasleak liburuxka bat argitaratu zuen aspalditxo, Centro de Investigaciones Sociológicas erakundeak argitaratzen zuen Koaderno Metodologikoen bildumaren barruan: El método biográfico: el uso de las historias de vida en ciencias sociales. Interneten ez dago eskuragarri, baina bai egile beraren beste testuren bat: hau, adibidez.

Gure euskara planetan narraziogintzak ba al du lekurik? Eta 60 orriko txosten analitiko baten ordez, gure istorioa kontatuko bagenu? 

Bada, horixe... ez azaldu, hobe kontatzen badidazu!