2014/02/14

Jende txikiak gauza txikiak eginez...

Tomas R Villasante Madrileko Unibertsitate Complutenseko irakaslea da; soziologoa, oker ez banago; partehartzearekin eta gizarte mugimenduarekin zerikusia duten gaiak lantzen ditu. Pertsonaje interesgarria iruditzen zait.

Irratian istorio argigarri bat entzun nion:
Antza denez, egindako lan bat ondo samar ordaindu zioten behin, eta autoa aldatzeko ordua zela erabaki zuen. Erabaki eta egin. Automobil kontzesionario batera joan --uste dut Renault aipatu duela-- eta informazioa eskatu zuen. Bertako saltzaileak harrera beroa egin zion; eta erraztasun guzti-guztiak eskaini, baita "estra" ugari ere: irrati-kasetea, larruzko eserlekuak, aire egokitua... Horren guztiaren truke, enpresarekin kontratu bat sinatu behar zuen, autoa hainbat hilabetean ordaintzeko. Villasantek ezetz esan zion, autoa eskura ordainduz erosi nahi zuela. Horrek, antza, salmenta-baldintza guztiak aldatzen zituen, autoa eraman bai, baina estra guztiak kontzesionarion geratu baitziren.
90eko hamarkada omen zen. Auto kontzesionarioetan, zegoeneko, autoak baino gehiago saltzen zuten: autoak aitzakia ziren kreditua saltzeko.

Kapitalismo produktiboaren logika plusbalioa da: ekoiztu, saldu, plusbalioa atera... ahalik eta gehien, ahalik eta azkarren. Kapitalismo finantzarioarena ezberdina da: gehiago irabazi daiteke interesetatik, plusbaliotik baino.

Villasanteren ustez, ekonomia eta produkzioa berriro hurbildu behar dira, baina ez du zentzurik atzera itzultzeak. Eredu produktibo berria tokian tokikoari lotua eraiki behar da: jende txiki askok, leku txiki askotan, ortu txikiak landu... munduari jatekoa emateko.

Aipu hori Afrikako esaera zahar baten aldaera omen da. Jatorrizkoa Eduardo Galeanok liburuetara ekarri izan du: Jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txikiak eginez... mundua eraldatuko dute.

Eta honek guztiak ba al du zerikusirik hizkuntza normalizazioarekin? Bada, ziur aski ez. Edo bai... Batek daki!

No comments: