- Inoiz baino argiago dago: krisia sistemikoa da, instituzioen krisia ere bada, ziklo baten amaieran gaude. Hortaz, nabaria da eredua birpentsatu eta (bir-)asmatu beharra.
- Programa batek ondo funtzionatzen ez badu, nahikoa izaten da berrikuntza puntual batzuk egitea: funtzionatzeko modua, prozesuak, rolak... Berrikuntza inkrementalak direla esan ohi da. Berrikuntza disruptiboak bestelakoak dira: desegin eta berriro eraiki. Sarri, horiek ere beharrezkoak dira.
- Administrazioari egonkortasuna eta segurtasuna eskatu ohi zaizkio; kontserbadorea izatea, alegia. Horregatik paradoxikoa da administrazioaren eta gizarte berrikuntzaren arteko harremana.
- Gure zerbitzuen katalogoak etengabe mahai gainean jarri behar dira, eta etengabe berritu. 20-80-20 eredua proposatu du; urtez urte katalogoaren %80 mantendu, eta %20 erabat berritu: jarduera zaharkituak bertan behera utzi, eta ekimen berri-berriak abiatu.
- Berrikuntza eta teknologia ez dira bat. Antolaketa berritu daiteke, prozesuak, rolak, produktuak, zerbitzuak, parte hartzeko sistemak... Administrazioak obsoleszentzia digitalak sortzeko joera duela esan du: dagoeneko zaharkitu diren produktuak eta zerbitzuak berritu ez, baizik eta digitalizatu egiten ditu; lehengo bera eskaini, baina ordenadore bidez
- Berrikuntzarako baldintza egokiak aipatu ditu: aniztasuna, dentsitatea, kapital soziala... Baldintza horiek, batez ere, marko lokalean ematen direla defendatu du: hiria da, bere ustez, berrikuntzarako jokalekurik onena.
- Ideien laborategiak ondo daude: prozesu estrukturatuak dira, (zuhurtasunez) esperimentatzeko aukera ematen dutenak. Dena den, ideia berri asko eta asko kasualitatez sortzen dira (serendipia).
- Administrazioaren apustua, beraz, eszenatoki berriak ahalbidetzea izan behar dela uste du: berrikuntza soziala erraztuko duten jokalekuak eta prozesuak antolatzea.
- Agertoki berri horietan bestelako lidergoak sortu beharra aldarrikatu du: lidergo "elkarbanatuak"
Euskalgintzan ere ziklo luze baten amaieran gaudela esan du hainbatek (bost hamarraldiko zikloa aipatu berri du Jon Sarasuak). Hortaz, ideia horiek guztiak kasik hitzez hitz hartu eta gurera ere ekarri ahal direla iruditu zait. Egin proba!
No comments:
Post a Comment