2014/03/25

Subjektibitate berriak

Felix Guattari frantziar psikoanalista eta filosofoa izan zen. Ezkerreko militante ezaguna ere bai, psikoanalisiaren eremutik heldu baitzen politikaren mundura. Hainbat lan idatzi zituen, Gilles Deleuze lagunarekin batera; hala nola, L´Anti-Edipe (1972), Rhizome (1976) eta Mille plateaux (1980).

Aitortuko dut bi filosofo hauei buruz irakurri ditudan gauza gehienak bigarren eskuko testuak izan direla. Aitortuko dut sarritan lexikoarekin eta kontzeptuekin trabatua geratu izan naizela: lineas de fuga, agentziamenduak, desterritorializazioa, eskizoanalisia... Aitortuko dut ez zaizkidala batere samurrak egin.
Dena den, euskalgintzaren ikuspegitik begiratuta, iruditu zait badituztela hainbat ideia interesgarri. Ulertu dudan apurraren arabera, Guattarik eta Deleuzek defendatzen dute mundua eraldatu nahi duen plantemendu batek bi elementu behar dituela: subjektibitatearen produkzioa eta gerrarako makinak.

Subjetibitatea konstruktu kulturala da, arau-multzo bat, eraikuntza sozial bat, gizarte horren parte izateko norbanakoek beregatu behar dituzten arauak, alegia. Arau horiek sortzeko moduari deitzen zaio subjektibitatearen produkzioa. Mundu berriak subjektibitate berria behar du, subjektibitate propioa. Mundua eraldatzeak subjektibate berri horren produkziorako mekanismoak eskatzen ditu. Ez dakit zuei, baina niri, hau irakurrita, aspaldi honetan entzuten ari garen kontzeptu zaparrada etortzen zait burura: ideologia, hegemonia, framing, diskurtsoak... Zuei ez?

Beste kontu bat da gerrarako makina zer den. Ez larritu izenagatik. Gerra makinak botere hegemonikoarekin konfrontazioa egiteko dispositiboak dira: mobilizazio bat, plataforma bat... Konfrontazio espazioak dira, ideien eta proiektuen konfrontaziorako mekanismoak.

Batzuetan polita da halako ekarpen bat hartzea eta gure mundutxoa (euskalgintza) betaurreko horiekin begiratzen saiatzea. Euskararen mundutik begiratuta, zein dira subjektibitate berri bat sortzeko ditugun mekanismoak? eta konfrontaziorako? Pertsuasioa eta sedukzioa beharrezkoa dira, baina... zertan da lehen "borroka ideologikoa" deitzen genuen hori?

Ariketa interesgarria iruditzen zait... baina norberak egin beharrekoa.

No comments: