Zuberoako mugan
Paraje horretan bertan, Belagua aldean, bada beste ibilbide interesgarri bat. Izabatik Belaguara doan errepidea hartu behar da, eta Arrako baseliza dagoen lekuraino igo. Han bertan bide bat abiatzen da mendian gora, Lakura eta Kartxela mendien albotik igaro eta Arrakogoitiko lepora iristen dena. Handik behera, Kakueta arroila ikusgarritik gertu, Santa Grazi herrira iritsi daiteke. Bide horri Enaren bidea deitzen diote.
Enarak
Erronkaritik eta Zaraitzutik Maulera espartingintzara joandako neska gazteak ziren enarak. Beltzez jazten ziren, usadioak agindu bezala. Negua ate joka, senideekin mendi leporaino igo, eta handik Maulera abiatzen ziren. Udazkenean joan eta udaberrian itzuli, enarak bezala.
Nafarrotik soilik ez, Aragoitik ere joaten ziren neskak (Anso eta Echo ibarretatik, batez ere). Baita Italiatik eta Portugaletik ere. Maulek halako kutsu multikulturala izango zuen negu partean.
Herriko etxeetan hartzen zuten ostatu; sarritan, koltxoi bat zuten lurrean lo egiteko, askoz gehiago ez. Itzal oneko neskak ziren; ospe ona zuten herrian: alaiak, arduratsuak eta langileak, baita solidarioak ere.
Oraindik ere fabrika bat dago Mauleko irteeran, turistek bisitatu ahal dutena. Urtean behin, abuztu aldean, Espartinen eguna ospatzen dute bertan. Produkzio txikia da, ordea; eta dagoeneko ez da enararik behar.
Herri kultura
Alde egin zuten Enarek, baina bizirik iraun du emakume horien oroitzapenak. Amaren alabak kantari talde bereziak ikuskizun bat prestatu zuen eta disko bat argitaratu, andereaGatik izenarekin. Kantu gehienak euskaraz daude, baina erderetakoak ere sartu dituzte, XX. mendearen hasierako etorkin gazte horien omenez: euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz zein okzitanieraz.
Egun hauetan irakurtzen aritu naizen testu bat etorri zait burura, Josu Amezagarena da: "Herri kultura: euskal kultura eta kultura popularrak". Herri kultura inon bizi-bizirik badago, Zuberoa da leku hori. Ez zaizue iruditzen? Deigarria da Zuberoako kultur mundua. Inbidia pixka bat ematen du.
Amaren alabek Iparralde 21 bideoan parte hartu zuen. Hona hemen:
2 comments:
idazlan ejerra!
Idazlan ejerra! Biba zü!
Post a Comment