2012/05/17

Normalizazioa eta eraldaketa

Robert Cooper-ek Language Planning and Social Change liburua argitaratu zuen 1997an. Bertan hizkuntza planifikazioa planifikazio sozialaren kasu bat dela defendatzen du, alegia, gizarte aldaketa bilatzen duen esku-hartze mota bat dela. Helburua eta jomuga ez da hizkuntza, baizik eta gizartea bera: hiztun taldeen edo hizkuntza komunitateen arteko botere harremanak.

Azpimarratzen du nekez egon daitekeela hizkuntza planifikazioaren teoriarik, aldaketa sozialaren teoriarik ez dagoen bitartean.

Aldaketa soziala fenomeno poliedrikoa dela iruditzen zait: izaera anitz eta konplexua du; aurpegi ugari. Zaila da, beraz, teoria bat eta bakarra eraikitzea.

Eraldaketaz ari garela, lau ikuspegi nagusi ikusten ditut nik:

  • Lehen-lehenik gizarte mailako ikuspegia: makrosoziologikoa, nolabait esateko. Hizkuntza Politika jartzen du erdigunean. Gure artean Kontseiluak landu du ikuspegi hori hobekien. Kontseiluaren azterketen arabera, hizkuntza politika egokiak lau zutabe behar ditu: korpus juridikoa, planifikazioa, baliabideak eta herritarren atxikimendua. Hemen irakurri.

  • Bigarrenak erakundeei begiratzen die. Eraldaketa erakundeetan nola sortu eta nola eragin aztertzen du: erakundeen kultura, erresistentziak, lider-kateak, berrikuntza... Erreferentzia gisa, IƱaki Markoren lana aipatuko nuke: bai hiznet ikastaroetan erabili dituen materialak, bai iaz aurkeztu zuen tesia, bai abian jarri zuen EraLan proiektua bera ere. Tesia hemendik jaitsi daiteke:  Hizkuntza-eraldaketa organizazioetan: Esperientzia eta modelizazioa (pdf 10 MB).

  • Hirugarrena ikuspegi partehartzaile eta komunitarioa da. Halakoa da, esate baterako, Reflect-Action ikuspegia. Euskararen esparrutik apurtxo bat aldenduta ere, esperientzia interesgarriak dira gure artean: bagara proiektua,edota autogestioa bultzatu nahi duen auzolan egitasmoa. Parte Hartuz ikertaldearen lana ere aipatu nahi nuke: hainbat urtez, lan ikaragarria egin dute herritarren partehartzearen inguruko ikerketa eta formazioa lantzen.

  • Laugarrenak norbanakoa jartzen du erdigunean. Kontzeptu gehienak psikologiaren esparrutik hartzen ditu. TELP da burura datorkidan lehendabiziko adibidea, baita Topaguneak 2007an antolatu zituen e2i jardunaldiak. Harreman-sareak edota talde naturalak euskalduntzea helburu duten egitasmoak ere atal honetan sartuko nituzke. Pello Jauregiren lana ezinbesteko erreferentzia da: Kuadrillategia edo Bikoteen artean hizkuntza ohituren aldaketari buruzko ikerketa, esate baterako.

Esan bezala, lau ikuspegiek eraldaketarekin dute zerikusia, eta lau ikuspegi hauen artean mugitzen gara guztiok. Ikasi ere, esperientzia horietatik guztietatik ikasten dugula iruditzen zait. ERALDAKETA, beraz, letra larriz idazten hasi beharko genuke. Zuek nola ikusten duzue?

2 comments:

garaigoikoa said...

Osatzeko asmoz, apur bat bada ere.

- Gizarte mailako aldaketan nik Uema eta arnasguneen inguruko teorizazioa (eta dinamika?) sartuko nuke.

- Ikuspegi komunitarioan nire ustez euskalgintzan adibide asko daude. Euskara elkarte gehienak hor sartuko nituzke (Topagunearen azken kongresuko ildo asko ikuspegi honetan txertatu daitezke).

- Norbanakoaren kontura, Behatokia (eta hizkuntza eskubideen aldeko mugimendua) sartuko nuke (lehenengo ikuspegiarekin zerikusia badu ere).

allartean said...

Bai horixe... horiek hor sartu ahal dira. Zalantzarik ez izan.

Asmoa, hala ere, ez da izan sailkapen itxi bat proposatzea, ezta EHn ditugun egitasmoak sailkatzeko marko bat. Askoz gauza apalagoa da...

Niri neuri zaila egiten zait egitasmo bakoitza horietako kutxa batean sartzea. Lau ikuspegi horiek erreferentziak besterik ez dira. Egitasmo konkretu gehienak ikuspegi horien artean dagoen espazioan kokatzen eta mugitzen direla iruditzen zait.

Ariketa polita da egitasmo bakoitza hartzea eta ikuspegi ezberdinetatik begiratzen saiatzea.