2012/12/14

Bilera hipotetikoa

Demagun bilera bat izan duzula ikastetxean. Hizkuntza proiektua izan da hizpide.

Demagun ikastetxeak hizkuntza proiektu hori ezagutzera eman eta sozializatu nahi duela, baita gurasoek hizkuntza normalkuntzan inplikatu ere.

Demagun bilera horretan ikastetxeko hainbat eragile egon zaretela: guraso batzuk, irakasle batzuk...
  • Batek marketingaren ideia azpimarratu du. Gogoratu du garai batean hainbat hitzaldi eman zirela: "Euskara nola saldu udaletik", "Euskara nola saldu lantegian", "Euskara nola saldu gazteei"... Bere ustez horretaz hausnartu beharra dago: euskara gurasoei nola "saldu", alegia, marketing linguistikoaz.
  • Bigarrenak ez du horren garbi ikusi. Hezkuntza Komunitatearen ideia du buruan. Ez da soilik hizkuntza proiektuaren arazoa. Eskolaren balioak, proiektu estrategikoak, beharrak, lehentasunak, egitasmoak... horiek guztiak partekatuak izan beharko lirateke. Bere ustez bi dira horretarako gakoak: parte-hartzea lehenik eta komunikazioa gero. 
  • Hirugarrenak gakoa formazioan ikusten du. Behin baino gehiagotan planteatu omen da ikasleek oinarri-oinarrizko formazio soziolinguistikoa behar dutela: errealitatea ezagutu, zergatik gaude gauden lekuan, aterabideak non dauden... Gurasoei buruz beste horrenbeste esan daitekeela arrazoitu du. Gurasoek beren papera zein den jakin behar dute: zergatik diren beharrezkoak, eskolak haiengandik zer espero duen... Formazioaren bidez, estrategiak eta baliabideak ere eskaini behar dira, jakina.
Demagun bilera horrela amaitu duzuela, ondoriorik gabe.

Zapuzturik? Ez horixe. Gozada bat da bilera batean elkarrengandik gauzak ikastea.

No comments: