2013/01/13

Irlak, oasiak, berogailuak eta arnasguneak

Zaldiko Maldiko Iruñeko elkarte bat da, bertako euskaldunen biltoki izatea eta orohar euskeraren erabilera sustatzea helburu duena. 80ko hamarkadan sortu zen. Garai beretsuan eta egitura zein helburu berarekin sortu ziren Gasteizko Bagare edo Donostiako Arrano Beltza (besteak beste).


Bilboko Kafe Antzokia 1995an sortu zen. Haren arrastoan beste batzuk etorri ziren gero: Plateruena, Espaloia... Espazio konprometituak izateko jaio ziren, euskal komunitatea trinkotzeko, "etorri, ikusi eta joan formulatik harago". Argia aldizkariak erreportaje interesgarria argitaratu zuen iazko abenduan: Kafe antzokiak eta kulturguneak. Euskal kulturaren oasiak

Espazio horiek irlak izan dira batzuetan, gune babestuak baina isolatuak, erdal itsasoan.

Oasiak ere izan dira, leku atsegin eta aberatsak, basamortutik iheska doazen euskaldunen atsedenlekuak.

Arnasgunea modako hitza da. Mikel Zalbidek sortu zuen:
“(…) euskarazko arnasgunea da demografi aldetik euskara “bere kabian” sentitzen den bilgunea, inork xaxatu eta eraso gabe “etxeko jaun” sentitzen den eremua. (…) Hizkuntza ahula indarberritu nahi duen erakunde, elkarte edo mugimendu orok berariaz ahalegindu behar du, hortaz, bere jendearentzako “arnasgune” horiek bilatzen eta mantentzen”.
Sorguneak ikertegiak Euskal Kulturgintzaren Estrategiari buruz egin dituen ikerketetan berogailu hitza erabiltzen du. Euskal kulturgintzaren berogailuak identifikatzea prosatzen dute: iritsi nahi dugunera iristeko lagungarri, are ezinbesteko diren ekimenak. Izen ere -ikerketaren arabera- berogailu diren eta izateko bokazioa eta potentzialitatea duten ekimen eta egitasmo ugari baitago.

Irla eta oasiak? Arnasguneak eta berogailuak, hobe.

No comments: