2013/01/27

Hegemoniaz, berriro ere

Andoni Olariagak artikulu interesgarri bat argitaratu zuen GARA egunkarian urte amaieran: 2012ko kontzeptua: hegemonia. Artikuluan dio hegemonia kontzeptua indarrez sartu dela gure hiztegi partikularretan, eta geratzeko asmoarekin etorri dela. Egia da: kontzeptu zentrala bihurtzeko bidea darama.

Euskalgintzan ere kontzeptua puri-purian dagoela esango nuke; eta ez da hain berria. Aste honetan Jon Sarasuaren hitzaldi baten bideoa ikusten ibili naiz. Bideoak hiru bat urte ditu; “Euskaltasunaren norabideaz, oldozpen batzuk” du izenburu.

Jon Sarasuak dio fustrazioaren belaunaldia garela, Euskal Herri euskalduna amestu, eta ametsak huts egin digula. Ohartarazi digu, gaur egun, ziur aski, amets hori ezinezkoa dela, eta hiru ildo proposatu ditu: (a) Lurralde hegemoniarik gabe bizitzen ikasi: minoria izaten ikasi; (b) Lurralde hegemoniari buruzko eztabaida gure ondorengoen agenda politikoan sartu; (c) Lurralde hegemoniarik gabe ere, gune hegemonikoak sortu eta saretu. 

Andoni Olariagak dioen bezala, hegemoniak botere-harremanekin zerikusia du (baina ez soilik gehiengo politiko edo instituzionalarekin), baina baita gizartean nagusitzen diren ideiekin ere: balore batzuk gizarte osoaren balore gisa onartuak izatearekin, alegia. Itsaso Urtiagak ere, ildo berean, oso artikulu interesgarria argitaratu du topatu.info orrian: http://topatu.info/borroka-ideologikoaren-erronkak-argitzen/

No comments: