Psikologia sozialaren ikuspegia landu du Sabucedok. Psikologia sozialaren barruan ekintza kolektiboa (ekintza politikoa) ikertzen du.
Ideia interesgarriak eman ditu. Haren ustez, mobilizazio guztiek hiru ezaugarri dituzte: (a) ez dira norbanakoen ekintzak, baizik eta kolektiboak; (b) testuinguru politiko eta diskurtsibo batean gertatzen dira, batzuk alde daude eta beste batzuk kontra; eta (c) lehen-lehenik ikusgarritasuna dute helburu, arazoa agenda publikoan sartzea (gerokoak gero).
Hiru gai-multzo landu ditu bereziki:
1) Arazo sozialak subjektiboak dira: atzean pertsonak daude, jarrerak, sinismenak. Arazorik ez dago, inork arazo gisa definitzen ez badu. Horren arabera, guztiaren oinarrian errealitatea interpretatzeko era ezberdinak daude, hau da, errealitatearen bertsio ezberdinak. Hor ikusten du gakoa, errealitatea interpretatzeko diskurtso ezberdinen arteko lehiaren baitan: helburua da errealitatearen interpretazio bat gailentzea, errealitatea enmarkatzea.(*) Oso modu grafikoan adierazten du: animalien munduan "jatea ala janaria izatea" da gakoa, pertsonen munduan "definitzea ala definitua izatea". Gramscik kontu hauetaz hitz egiten zuenean, sen onari buruz hitz egiten omen zuen (sentido común izeneko horri buruz, alegia): harentzat garrantzitsua zen darabilgun diskurtsoaren markoak jendartean zabalduta dagoen sen onaren markoekin ondo lerrokatuak izatea. Hortaz, mobilizazioaren helburua da diskurtso hegemonikoari aurre egingo dion diskurtso alternatiboa ikustaraztea.
2) Mobilizazio prozesua ez da espontaneoa: mobilizazioa beste biderik ez dagoela barneratzea da, eta faktore ugari dago horretarako. Hizlariaren ustez, identitate soziala (edo, hobe esanda, identitate kolektiboa) da zentrala: gainontzeko faktoreak horren inguruan egituratuko dira. Identitate kolektiboaz eta identitate kolektibo mobilizatuaz hitz egiten du, ekintza politikoarekin duen harremana ikustarazteko.
3) Mobilizazioa ahabidetzen duten gainontzeko faktoreak zein diren? Injustiziaren sentimenduaz hitz egiten du (identitate agrabiatua), bidegabekeria horren atribuzioa kanpoko pertsona edo talde bati egiteaz, mobilizazioaren balizko eraginkortasunaz... Horretaz ere luze aritu da, ekintza kolektiboa irrazionala zela esatetik erabateko errazionalismoa eta instrumentalitatea defendatzera pasatu omen delako. Saucedok instrumentalitatea defendatzen du, baina ez kostuaren eta etekinaren termino hutsean: izan ere, jendeak onartua izatearen beharra ere badu, partaide sentitzearena. Mobilizazioaren atzean, sarritan, ez dago zerbait zehatza lortzeko itxaropena, behar etikoa (baloreak) baizik.
Amaitzeko, bi kontu gehiago:
- Identitate inklusiboaren ideia aipatu du. Batu, eta ez kendu. Horri behar beste denbora eta behar beste ahalegina eskaini beharra azpimarratu du.
- Normalizazioaren aurkako mobilizazioaz ere aritu da. Horiek ere diskurtso bat ikusgarri egitea dute helburua. Alde horretatik, Galicia Bilingüe taldearen adibidea erabili du. Bere ustez talde horiek bi eragin dute: kontrako diskurtsoa ikustaraztea bai, baina baita oreka-puntua desplazatzea ere. "Alde bateko eta besteko erradikalak" daudenez, Xuntan kokatzen du oreka-puntua, normalizazioaren parametroetan kokatu beharrean.
Interesgarria iruditu zait, sakontzeko gogoz geratu naiz... Esango dizuet!
Ongi izan!
(*) Oharra: hau guztia entzuten ari nintzela bi testu hauek etorri zaizkit burura: Framing: komunikazio-teorietatik euskararen beharrizanetara eta No pienses en un elefante
No comments:
Post a Comment