Ideia managementari buruzko blog batetik atera dut: hemendik. Blogak “ideia erradikalak” deritzan atal bat du. Ideia erradikalek pentsaraztea dute helburu: enpresak kudeatzeko erabiltzen diren premisak kolokan jartzea, indarrean dauden "eredu mentalen" atzean zer dagoen aztertzea... Probokazio txikiak dira, aurrera egiteko mugak non dauden ikusteko aukera ematen dutenak.
Udaltop jardunaldietako materialak kuxkuxeatzeko aukera izan dut, eta ideia erradikal bat edo beste ikusi dut. Gustatu zait, esate baterako, Arrasateko berdintasun teknikariaren hitzaldia: Pankartatik Administraziora. Militantziatik administrazioko lanpostura doan bideaz hitz egin du, non lanbideak eta norberaren ibilbideak bat egiten duten, eta bien arteko muga desagertu.
Euskara teknikari askok ibilbide hori bera egin dugu. Guk ere -administrazioan egon, zein enpresa batean egon- kokaleku berezia dugula iruditzen zait.
Honek guztiak, nire ustez, hacker etika deitu izan denarekin eta horrek aldarrikatzen dituen baloreekin du zerikusirik: egiten dugunarekin interesa, lanarekiko grina, askatasuna, kontzientzia, horizontaltasuna, berdintasuna, ezagutza irekia, jakinmina, sormena...
Innobasque eta Berria egunkariak antolatua, Pablo Mancini kazetariak hitzaldi bat eman zuten orain dela hainbat hilabete: Kazetaritza hackeatzen. Komunikabide banatuak eta hartzaileei begirako berrikuntza. Egoera berriei aurre egiteko, balore horietatik abiatzea eta kazetaritza birpentsatu beharra aldarrikatzen zuen.
Hona, bada, gure proposamena: euskara zerbitzuak ere hackeatu, gure eredu mentalak kolokan jarri, eta “ofizioa” birpentsatu...
On egin!
No comments:
Post a Comment