2013/08/12

Sormenezko desbordeak.


Twitterren bidez eta googleren bidez jarraitu nituen Participación, implicación e traballo colaborativo jardunaldiak. @Garaigoikoak lan izugarria egin zuen: eskerrik asko!

Red Cimas erakundeko Alicia Tenzek egin zuen azalpenari oso itxura ona hartu diot. Erakunde bereko kidea den Tomas R Villasanteren hitzaldi bat entzuteko aukera izan nuen orain dela hainbat urte, eta handik gutxira bere liburu bat irakurtzeko parada ere: Desbordes Creativos

Liburu zaila iruditu zitzaidan: trinkoa. Inoiz gertatu al zaizue, testu bat irakurri eta halako inpresio bat izatea oso-osorik ez duzula ulertu, eta zerbait inportantea galtzen ari zaretela? Halako zerbait da liburu honekin gertatu zaidana. Zaila da laburtzen. Eraldaketa sozialari buruz jarduten du, baita parte-hartzeari buruz ere. Kontzeptuala da: kontzeptu askotxo lantzen ditu. Nik neuk hiru ideia aipatuko nituzke: matrizeak, desbordeak eta errebertsioa.


Matrizeak


Errealitate soziala ulertzeko, lau dimentsio proposatzen ditu. Era grafiko batean azaltzeko, hiru ardatzeko sistema bat eraikitzen du: (a) Zergatik (sintomak), (b) Zertarako (helburuak), (c) Norentzat (boterea eta botere-harremanak). Hiru ardatz horiek hiru plano mugatzen dute:
(C). Crear. Sortu. Zer, zergatik eta zertarako. Ideien planoa da. Lehentasunak ezartzen ditu: korapilo kritikoak non dauden esaten digu, eta eraldaketa ekar dezaketen indar-ideiak sortzen ditu. Kontsentsuak ahalbidetzen ditu. Sormena, beraz, horrela ulertzen du Villasantek.
(P). Poder. Ahal izan. Sare sozialekin du zerikusia. Eskuartean ditugun gaiak hartu eta eragileak, taldeak, instituzioak, kolektiboak... nola kokatzen diren aztertzea proposatzen du: jendarte sareen kartografia egitea. Sarea bera eraldatzea da helburua, aliantzak sortzea, errealitatea eraldatzeko.  
(T). Tener. Ukan. Alde praktikoena da: ekonomiarekin zerikusia duena. Baliabideak dira: direnak eta ez direnak.


Laugarren planoa denbora da, eta beste hirurek denboran zehar nolako bilakaera duten marrazten du. (H) deitzen dio (Habitar). Bizipenekin du zerikusirik.

Eraldaketa bilatzen duen prozesu batek, beraz, lau planoak (edo dimentsioak) landu behar ditu: bizipenak, gai kritikoak, jendarte-sareak, eta baliabideak.


Desbordeak


Desbordea da beste hitz gako bat. Villasanteren ustez egoera guztietan bizi-bizirik daude kontraesanak. Inoiz kontraesan horiek guztiek gainezka egiten dute. Zerk eragiten du gainezkatzea? Gehienetan ez da izugarrizko gertaera izaten: eguneroko zerbait izan ohi da, une eta leku egokian gertatu dena. Inork espero ez duenean, jendartearen inplikazioa lortu, eta jauzi bat gertatu ahal da: desborde bat.


Errebertsioa


Desbordeak errebertsiboak izatea defendatzen du Villasantek.

Errebertsioa, bere hitzetan, ez da une bateko oldarraldi hutsa. Errebertsioa da ereitea; errebeldia, jarraitua eta iraunkorra. Ez da sistemari kanpotik erasotzea (akats berberak izan ahal dituen beste sistema batetik), baizik eta sistemaren beraren kontraesanak agerian jartzea eta barrutik lehertzea. Errebertsioa sormena da, dilemak (A ala B) apurtu, eta ardatz emergente berriak bilatzen baititu.


Gehiago arakatzeko


Hemen utziko dut. Esan bezala, oso liburu konplexua iruditu zitzaidan, baina oroitzapen ona utzi zidan. Gustura irakurri nuen. Liburuaren 6. kapitulua oso-osorik jeitsi daiteke hemendik (pdf)


No comments: