Duela hainbat urtetik hona, udaldia halako malenkoniaz bizi dudala iruditzen zait... Garai bateko udak etengabeko mugimendua ziren, batetik bestera ibiltzea, ezin gelditzea... Udak joan udak etorri, lehentasunak aldatu dira, ingurua, loturak, ardurak, bizimodua... Lehengo uda horietatik oroitzapenak besterik ez da geratzen. Oroimina da, denbora galduaren oroimina.
Udaldia urtean zehar egin ez direnei bigarren aukera emateko garaia da... bisitak, liburuak, testuak, filmak... Arazoa da urtean zehar bildutakoak ikusi, eta lauzpabost uda betetzeko beste dagoela ohartzea. Enpin!
Udaldia gure mapa mentala irekitzeko garaia ere bada: gauza berriak ikusi, gauza berriak egin, gauza berriak irakurri, gauza berriak entzun... Ikasi. Bihotza elikatu, eta burua jantzi.
Orain dela hiru uda bi irratsaio deskubritu nituen: "Kaja Beltza" eta "Bihotzeko Fonoteka". Lehena duela hilabete pare bat desagertu da, bigarrena berriro ere programatu dute aurten: hirugarren aldia da. Programaren eskema oso sinplea da... egunez egun, pertsona ezagun bat ekarri, bere bizitzan esanguratsuak diren hamar kanta aukeratzeko eskatu, eta horien esanahiaz galdetu. Kanta eta kontu berriak deskubritu eta mapa mentala zabaltzeko modua da.
Egunkariek ere hainbat aukera ematen dute. Barruko orriak itxuraldatuak datoz, albiste gutxixeagorekin, kultura tarte handixeagoekin... Oraingoz bi berrikuntza ikusi ditugu aurten: gara egunkariak IZOZTEKO ADINA proiektua abaitu du, Harkaitz Canoren narrazio bat, kapituluka; berria egunkariak LIBURUTEGI INTIMOAK izeneko erreportaje sorta argitaratzen hasi da (gaurkoa hemen)... Batak zein besteak... oso itxura ona dute.
Bada zer ikusi, eta bada zer ikasi.
No comments:
Post a Comment