Sail honetako laugarren atala da (eta azkena, ziur aski)... Lau ataletan, euskalgintzaren "kontakizunei buruz" hitz egin nahi izan dut: bizipenez [storytelling-1], praktikaz eta jardunez [storytelling-2], istorioez eta literaturaz [storytelling-3], eta amaierarako utzi dut mardulena: historia eta memoria.
Mardulena izateagatik eta mardulena izanagatik, zalantzak izan ditut azken honi buruz idaztea merezi ote duen. Mardulena izanagatik edo mardulena izateagatik, azken hau aurrekoak baino arinago lantzeko baimena eskatu behar dizuet. Pretentziosoegia litzateke, nire aldetik, zer eta euskalgintzaren historia blog-sarrera batean "bentilatu" nahi izatea. Tartetxo honetan erreferentzia batzuk ematen saiatu naiz: ezta esanguratsuenak ere, ozta-ozta gustatu eta interesatu zaizkidan lan (gutxi) batzuk aipatzea besterik ez.
Hasteko, hiru:
[bat]
«Euskara Jendea», Xamarrena. Lehendabiziko erreferentzia da, eta ezinbestekoa. Liburua gustatu zitzaidan, dokumentalek liluratu, idazleak txunditu. Euskararen historia... euskararen historia horixe besterik ez baita, euskaldunon historia... euskara jendearen historia.
[bi]
«El libro negro del euskera», Joan Mari Torrealdairena. Historia liburua baino... kronika-liburua dela esango nuke: euskararen zapalketaren kronika. Oso didaktikoa.
[hiru]
«Espainolak eta euskaldunak», Joxe Azurmendirena. Liburu garrantzitsua da gai hauekin kezkatuta dagoen edonorentzat. Obraren muina espainolen eta euskaldunen mitologia eta ideologia linguistikoen historiak osatzen du.
Hainbat historialari historia eta memoria bereiztearen aldekoak dira. Memoria kontzeptu ideologikoa dela diote. Kolektibitateak beren iraganarekin lotzeko ahalegina da. Errelato propioa sortzea da: hainbat ekintza eta prozesu historiko elkarri lotu, nork bere errelatoa egiteko. Gure iraganari buruz zer kontatu nahi dugun erabakitzea da.(Liburu honekin oso gauza bitxia gertatu zait. 1992an irakurri nuen, eta mesanotxeko kajoian utzi nuen, handik gutxira berriro irakurri nahian. Horrez geroztik, hor ibili da, etxetik bueltaka, harik eta joan den astean berriro hartu eta irakurtzen hasi arte. Nola esan...? Horren gustukoak izanik, beti beste egun baterako utzi, eta inoiz janzten ez dituzun praka horiek bezalakoa izan da; edo horren gozoa izanik, amaierarako utzi, eta gero gogorik gabe jaten dugun janari horren modukoa. Antropologoek horri autolimitazioa deitzen diotela irakurri dut nonbait.)
Batzuek uste dute memoria "egia ofizial bat" sortzeko ahalegina dela, zerbait "fozilizatua". Defendatzen dute historia dinamikoa izan behar dela, eta etengabe berridatzi, datu berriak sortu ahala.
Baliteke arrazoia izatea, baina... guk gure historia kontatzen ez badugu, nork egingo du? Beste batek gure ordez egingo duen kontakizuna onartu behar al dugu halabeharrez?
[lau]
Historiatik memoriarako bide horretan, ikastolei buruzkoa da ezagutzen dudan lanik esanguratsuena: «Ikastola mugimendua, dabilen herria: ikastola eredua 1960-2010» (Euskaltzaindiaren web orritik jaitsi daiteke, baina 55 MB ditu).Ez da bakarra, jakina. Euskaltegiek ere, zeinek bere aldetik, egina dute lan hori. Euskara elkarte askok ere bai. Herriz herri, ere ahalegintxo batzuk egin izan dira...
Duela aste pare bat «Su haietatik hitz hauek» proiektua aurkeztu dute Donostian: liburua, web orria eta ikuskizuna (hemen). Ez ote genuke beste horrenbeste egin beharko, eta, herriz herri, euskararen memoria osatuz joan?
Lan interesgarria litzateke horien guztien erreferentziak nonbait biltzea.
1 comment:
Suposatzen da (susmoa dut proiektua erdi geldirik dagoela) hauek lan hori egiten ari direla: http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_content&view=article&id=807&Itemid=442&lang=eu
Post a Comment