2014/02/27

Ikasketa kulturalak

Otsailean Stuart Hall soziologo jamaikarra hil da 82 urterekin. Ikasketa kulturalaren alorrean erreferente nagusietakoa izan da, wikipediaren arabera. Gurean nahiko ezezaguna da, baina Erresuma Batuan orain dela berrogei urte inguru sortu zen cultural studies izeneko diziplina aztertzeko lehen ikerketa zentroa.

Ikasketa kulturalek kulturaren kontzeptu berria eta zabala aldarrikatzen dute. Berria egunkarian irakurritakoaren arabera, ikuspegi honek "masa kulturaren eta kultura elitistaren arteko bereizketa ezabatzen du, auzian jartzen du ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko banaketa tradizionala, eta eremu interdiziplinarioak sustatzen ditu (soziologia, etnografia...), aztergai berriak erantsiz ikerketa kulturalen esparrura: immigrazioa, arrazakeria, feminismoa, nazionalismoa..."

Gaia oso-oso gainetik ikusita ere, ikuspegi interesgarria dirudi:
  • Ideologia kontzeptu kognitiboa dela uste dute: giza talde batek partekaten dituen usteen eta sinismenen multzoa, alegia.
  • Botere-harremanak agerian jartzen dituzte: harreman horiek nola sortzen diren, eta nola transmititzen diren aztertzen ditu (nola "birsortzen diren").
  • Botere harremanetan bi dimentsio ikusten dute: koertzitiboa eta ideologikoa. Hegemonia boterearen dimentsio ideologikoa da .
  • Botere harremanak birsortzeko mekanismoak ikertzen dituzte: (a) tematizazioa (kolektibo horretan gai zentralak zein diren); (b) giza talde horrek erabiltzen dituen metaforak, sinboloak, erritualak... erreferentzia konpartituak; (c) ezagutza partekatuak, taldearen identitatea definitzen dutenak.
  • Ikuspegi metodologikotik, etnografia eta testuen analisia dituzte gogoko. Testuen analisiari dagokionez, gainera, edozein gertaera soziala testu baten moduan irakur daitekeela uste dute, eta horren atzean dauden ideologiak eta botere-harremanak aztertu.
Zer iruditzen zaizue? Hizkuntza ideologiak, hizkuntzen arteko botere-harremanak, hizkuntza subordinazioa... ikuspegi horren arabera aztertu ahal dira? Baliteke.

1 comment:

allartean said...

Stuart Hall-en liburu bat argitaratu berri du Traficantes de Sueños argitaletxeak: RITUALES DE RESISTENCIAS. Doan eskuratu daiteke hemen: http://www.traficantes.net/libros/rituales-de-resistencias