Eurek aitortu bezala, soziolinguistikan lan gutxi egin da perspektiba horretatik. Lantegietan adibide batzuk ezagutzeko aukera izan dute:
Zaila da diskurtsoaren analisi kritikoa zer den lerro gutxitan laburbiltzea. Honako ezaugarri hauek aipatu izan dira:
- Diskurtsoa jarduera soziala da.
- Hortaz, diskurtsoaren analisi kritikoak arazo sozialak aztertzen ditu.
- Botere-harremanak aztertzen dira, botere-harremanak diskurtsiboak ere badirelako.
- Ideologiak fenomeno sozialak dira: kognizio sozialak.
- Ideologiak eta diskurtsoak lotuta daude, bi norabideetan: ideologiak diskurtsoa mediatizatzen du, eta diskurtsoak ideologia.
Nire ustez Teun van Dijk hizkuntzalaria da diskurtsoaren analisi kritikoa gehien eta hobekien landu duen ikerlaria: testuaren gramatikaren bidetik analisi kritikora heldu zen, eta arrazakeria zein botere-harremanak aztertzeari ekin zion. Horretarako eliteen diskurtsoei erreparatu nahi die; elkarrizketa batean esaten zuen bezala, hiru "p" interesatzen zaizkio: politikariak, "profesoreak" eta "periodistak".
Teun van Dijk-ek testuen analisirako eskema integratua garatu du. Oro har, estrategia orokor bakarra dagoela uste du: "norberaren" alde positiboak eta "aurkarien" alde negatiboak indartzea (eta kontrakoa, norberaren alde negatiboak eta aurkarien alde positiboak isiltzea edo izkutatzea). Hortik abiatuta, testuaren analisia ikuspegi ezberdinetatik egiten du: testuaren tematizazioa, superestruktura, egitura semantiko lokalak, estiloa, erabiltzen dituen baliabide erretorikoak. Oso ikuspegi interesgarria da. Hurrengo sarrera batean saiatuko naiz horri buruz zeozer gehiago idazten.
Gurean ezer gutxi ezagutzen dut ikuspegi honetatik egina. Iñaki Mtz de Lunak azterketatxo bat du egunkarietako titularrek euskarari buruz ematen duten irudiaren inguruan (duela gutxi, topaldian, horri buruzko komentarioren bat edo beste egin zuen). Asier Iriondok, bestalde, politiko elebidunen diskurtsoa aztertu du, euskaraz eta gaztelaniaz ari direnean erabiltzen dituzten gaietan alderik ote dagoen ikusteko. Zeharka bada ere, horrek ere badu analisi kritikoarekin zerikusia.
4 comments:
Aitor Zuberogoitiak ere bere tesi doktoralean aztertu zuen komunikabide "diglosikoek" (Deia eta Egin, oker ez banaiz) noiz eta zertarako erabiltzen zuten euskara eta noiz eta zertarako gaztelania. Buruz ari naiz eta ez dut erreferentzia egiteko astirik.
Ohi bezala, benetan interesgarria, zure gaurko sarrera. Halere, diskurtsoaren analisiaz ari garela, uste dut Teun Van Dijk-ekin batera, nazioarteko sona duen beste hizkuntzalari bat ere aipatu beharko litzatekeela: George Lakoff, hain zuzen. 'No pienses en un elefante' bere lanak oihartzun dezente izan du eta azken aldian hain ezagun egiten ari den 'framing'aren oinarriak hedatu zituen.
Epa Iker. Barkatuko didazu lehenago erantzun ez izana.
Arrazoi duzu. Teun Van Dijk-ekin batera, George Lakoff ere ezin da ahaztu.
Ikuspegi ezberdina lantzen dute, baina badute zerikusirik. Bien ustez, badugu buruan halako sistema kontzeptual bat, gure pentsamendua eta gure jarduna gidatzen dituena. Sistema hori soziala da, konpartitua. Lakoff-ek markoez hitz egiten du; van Dijk-ek ideologiaz. Ziur aski ez da gauza bera, baina oso kontzeptu hurbilak iruditzen zaizkit.
Iruditzen zait asko dagoela egiteko. Inoiz konturatu al zara? Gure artean azterketa soziolinguistikoek hiru aztergai izan ohi dituzte: ezagutza, erabilera eta jarrerak. Herrialde katalanetan Coneixements, usos i representacions socials aipatu ohi dituzte. Bada hor jauzi txiki bat, ez duzu uste? Bigarren jauzi bat ere egiten ari direla iruditzen zait, gero eta gehiago ideologia linguistikoei buruz ere hitz egiten hasi baitira.
Jarrerak, errepresentazio sozialak eta ideologiak... ziur aski enfoke kontua besterik ez da, baina oso-oso esanguratsua.
Eta, egia esanik, niri ideologia linguistikoen kontu hori bereziki interesgarria iruditzen zait.
Gai interesgarria dudarik gabe. Egia esan, ezin ezagutzaren baitatik hitz egin, neuretzat nahiko gai berriak baitira, azken urteotan interes berezia sortu izan didaten arren. Hortaz, dakidan gutxi horretatik eta intuiziotik hitz egitea tokatzen zait gehinenetan.
Uste dut ideologiaren eta ideia-markoen (frame) artean badela bai, lotura estua. Ideologia linguistikoa zuk bidalitako jardunaldien (http://lid2014.upv.es/index.html) azalpenean agertzen den bezala, honela defini liteke: els conjunts de creences sobre el llenguatge que tenen els usuaris com a racionalització o com a justificació de la seva percepció de l'estructura i de l'ús lingüístics (Silverstein, 1975). Ideia-markoak berriz, honela definitzen ditu Lakoff-ek: estructuras mentales que conforman nuestro modo de ver el mundo (Lakoff, 2004).
Horregatik, hizkuntza berreskurapena prozesuan urratsak emateko ere, ezinbestekoa da zein ideia-marko elikatu beharko genukeen eta zein ekidin argi izatea. Izan ere, ideia-markoen zein ideologiaren aldaketak, portaera aldaketa baitakar. Edo alderantziz esanda, portaera aldaketa lortuko bada, ideia-markoen aldaketa edo ideologiaren aldaketa lortu behar baita.
Eta horretan guztian uste dut garai batean aipatzen zen lan ideologikoak edo gaur egungo hitzetan ponpoxoago geratzen den komunikazioa lanak edo marketing-ak izugarrizko garrantzia dutela.
Badugu beraz, zer ikasia eta zer arakatua bai. Bidalitako jardunaldi horien parekoak edo antzekoak gurean egingo balira...;-)
Post a Comment