Txepetxen hitzetan, "un futuro para nuestro pasado" liburuaren asmoa zen "errealitatearen zentzua birkonpontzea", komunitate minorizatuak bere buruaren ezagutza (eta kontzientzia) egokia izatea. Irrealitatearen Diskurtsoa da "hizkuntza-komunitate menderatu batek bere buruaren gain duen pertzepzio edo balorazio faltsua. Pertzepzio horren eraginez, indargabetu egiten da komunitate horretako hiztunek hizkuntza hori behar bezala lantzeko duten motibazioa, baita galdua dutenek hizkuntza berreskuratzeko motibazioa ere." Liburuak irrealitatearen diskurtsoaren kontrako antidotoa izan nahi zuen.
Artikulura itzulita, liburuak sortutako erresistentziak (edo tapoiak) identifikatu zituen bertan, eta banan-banan aztertu. Hiru ziren:
- Eruditogenesia. "Un futuro para nuestro pasado" obra konplexua dela saldu nahi omen zuten batzuek, kontu handiz irakurri beharrekoa. Esaten zuten benetako jakituria behar zela egoki interpretatzeko. Txepetxek, ordea, obraren sinpletasuna defendatzen zuen; bere ustez, jende apalak erraz ulertzeko moduko testua izan daiteke, baldin eta norberaren esperientziatik eta bizipenetik irakurtzen bada.
- Diskurtsoaren degradazioa. Beste batzuek zioten egokia dela Txepetxen diskurtsoa, baina partziala ere bai; oso garrantzi handiko zerbait falta dela (gero zer falta den inork esan ez badu ere).
- Bere asmoaren desbirtualizazioa. Txepetxen hitzetan, harriaren "birtutea" iraunkortasuna da; eta arrosaren birtutea, lurrina. Gauza bakoitzak berea du. Ezin da harria erasotu, lurrinik ez duelako. Gauza bakoitzak zerbaitetarako balio du; funtzio bat du. Birtutea eta funtzioa bat etortzea da kontua. Txepetxen ustez, bere obrak egoki betetzen du bere funtzioa, eta ez da zilegia gehiago eskatzea.
Labur esanik, berea diskurtso osoa eta betea zela adierazi nahi zuen: borobila eta beregaina.
Jon Sarasuaren Hiztunpolis liburua eta Txepetxena parekatu izan dira. Baliteke. Baina ezberdinak ere badira. Jon Sarasuak aitortzen duen bezala, bere testuak hari-mutur solte asko ditu; eta horietako bakoitza aukera bat da handik tira egiteko. Zuhaitz baten modukoa da: enbor sendoa bai, baina adar eta adarxka ugari ere bai. Gogoeta eragitea da helburua, zalantzak sortzea. Bide batzuk agorturik daudela erakutsi eta bide berriak esploratzeko gonbita egitea.
Hori guztia ere Irrealitatearen Diskurtsoaren aurkako antidotoa izan daiteke, nonbait.
Hori guztia ere Irrealitatearen Diskurtsoaren aurkako antidotoa izan daiteke, nonbait.
No comments:
Post a Comment