Adituen esanetan, bi dira euskararen aldeko kanpainen akats nagusiak: komunikazio deprekatiboa eta diskurtso identitarioa. Deprekazioa figura erretorikoa da, desioa eskari edota erregu bidez adierazten duena. Ez da estrategia egokia publizitatean. Diskurtso identitarioa ere ez da egokia: baztertzailea omen da, biztanle askoren espektatibak kontuan hartzen ez dituelako.
1991. urtean, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat udalek Euskara, hau janaria! kanpaina antolatu zuten, elikadura-kanpaia baten antzera antolatua. Lehen urratsa haurraren elikaduran oinarritu zen, eta bi mezu baliatu zituen: "Eman zeurea" guraso euskaldunei zuzendua eta "Dales lo que no tienes" erdaldunei zuzendua. Irudi batean amak haurrari titia ematen zion eta hurrengoan aitak biberoia. Bigarren urratsak gurasoak hartu zituen kontuan: "Zeuk hartu" esan zien guraso euskaldunei eta "Tómatelo tú" guraso erdaldunei. Gurasoentzako euskara-eskolak ere antolatu zituzten.
Komunikazio deprekatiboa? Ziur aski. Diskurtso identitarioa? Baliteke.
Hogei urte igaro diren arren, oraindik ere erreferentziazko kanpaina bat iruditzen zait.
