Adituen esanetan, bi dira euskararen aldeko kanpainen akats nagusiak: komunikazio deprekatiboa eta diskurtso identitarioa. Deprekazioa figura erretorikoa da, desioa eskari edota erregu bidez adierazten duena. Ez da estrategia egokia publizitatean. Diskurtso identitarioa ere ez da egokia: baztertzailea omen da, biztanle askoren espektatibak kontuan hartzen ez dituelako.
1991. urtean, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat udalek Euskara, hau janaria! kanpaina antolatu zuten, elikadura-kanpaia baten antzera antolatua. Lehen urratsa haurraren elikaduran oinarritu zen, eta bi mezu baliatu zituen: "Eman zeurea" guraso euskaldunei zuzendua eta "Dales lo que no tienes" erdaldunei zuzendua. Irudi batean amak haurrari titia ematen zion eta hurrengoan aitak biberoia. Bigarren urratsak gurasoak hartu zituen kontuan: "Zeuk hartu" esan zien guraso euskaldunei eta "Tómatelo tú" guraso erdaldunei. Gurasoentzako euskara-eskolak ere antolatu zituzten.
Komunikazio deprekatiboa? Ziur aski. Diskurtso identitarioa? Baliteke.
Hogei urte igaro diren arren, oraindik ere erreferentziazko kanpaina bat iruditzen zait.
2 comments:
Mezu deprekatiboak OSO egokiak dira publizitatean! Horrek ez du esan nahi ordea marka baten publizitate guztia deprekatiboa izan behar duenik. Baina halaxe izan daiteke hori bada markarentzako aukeratu den komunikazio-tonoa (wonderbra, AXE). Euskalgintzaren kasuan ere erabaki beharra dago markaz marka zein den komunikazio-tonoa, ez baitu oso logikoa ematen denek mezu deprekatiboetara jotzea kontutan hartuta marka-aniztasun handi samarra dagoela bere baitan.
Mezu identitarioei dagokionez ere OSO egokiak izan daitezke, nortasunaren ikuspegia nortasun nazionaletara murrizten ez baditugu, hor aukera asko daudelako "marketina" egiteko, reposizionamendu estrategiak sahiesteko, e.a.
Mezu identitario nazionalak egitea erabakitzen badugu, komeni da hori koherentea izatea xedetzat hartu dugun taldearekin eta markarekin, gutxienez.
Komunikazioan komeni ez den gauza bakarra da gauzak egitea pentsatu gabe, bestearen lekuan jarri gabe, taktikan pentsatu gabe, estrategian pentsatu gabe. Alegia, gogoak agintzen diguna egitea xede-taldea kontsideratu ere egin gabe edo xede-taldea idealizatuz. Hortik aurrera denak balio du, gehiago edo gutxiago asmatuta ere.
Arrazoi duzu. Susmoa dut euskalgintzan gauzak muturrean ulertzen eta muturrera eramaten ohitu garela.
Woolard-en planteamendua izan dut gogoan. Haren ustez, mendebaldeko kulturan, hizkuntza baten autoritatea bi ideologia linguistikoren gainean eraikitzen da: egiazkotasuna eta anonimatua. Egiazkotasunak adierazten du hizkuntza garrantzizkoa dela "gurea" delako, identitate eta komunitate baten adierazpidea delako. Anonimatuan oinarritzen den ideologiaren arabera, hizkuntza guztiona da, hain zuzen ere, hiztun talde baten jabetza esklusiboa ez delako.
Aitortu behar dut ez nagoela dikotomia horrekin eroso.
Post a Comment