BAT aldizkariarekin ibili naiz egun hauetan: Euskararen Kale-Erabileraren Neurketari buruzko monografikoarekin. Hainbat gauza interesgarriren artean, honako aipamen hau ikusi dut:
Bosturteko honetan euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren hizkuntzen erabilerak modu esanguratsuan egin du gora: % 2,6tik % 3,7ra. Azterketa hau azken bi neurketetan baino ez da egin; aurretik ez ziren beste hizkuntzen erabilpenak jasotzen.
/.../ Nabarmentzeko beste puntu bat da Gasteizen, Bilbon eta Iruñean beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen direla.
Kontxo! Zergatik egin zait datu hori horren nabarmena? Kezkagarria al da?
Hona lau burutazio:
Hona lau burutazio:
bat
Beste hizkuntzetako hiztun horiek urrundik etorri dira. Laupabost familia herri beretik, edo ondoko herrietatik. Elkarren ezagunak agian; edo hemen ezagutu dira, berdin dio. Kalean elkarrekin topo egiten dute eta solasean aritzen dira. Ziur aski, antzeko lekuetan ibiliko direla, jaiak eta ospakizunak elkarrekin antolatuko dituzte, ohiko tabernetan elkartuko dira, bisitak egingo dizkiote elkarri. Hori guztia euren hizkuntzan egingo dute. Nola bestela?
bi
Diasporako euskaldunak txalotu egiten ditugu: euskara gorde eta hurrengo belaunaldiei transmititu dietelako; Euskal Herritik milaka kilometrora egon arren, bazkalostean euskaraz jarduten dutelako; edota munduaren beste muturrean ere ikastolak sortu dituztelako. Hemengo hauen jarrera ere ez al dugu txalotu behar?
hiru
Euskarak ez du "beste hizkuntza" horiekin lehiatu behar. Beste bat da bere lehia. "Beste hizkuntza" horiek, gainera, ez dira multzo homogeneo bat eta bakarra. Euskal Herrian 100 hizkuntza inguru omen dago: 100 hizkuntza komunitate txiki, alegia, zeinek bere egoera eta arazoak dituena.
lau
Carme Junyent irakasleak hitzaldi batean esandakoa etorri zait burura: "Elebakartasuna ezinezkoa da. Elebitasuna ez zaigu komeni, gaztelaniaren edo frantsesaren aurkako lehian, galtzeko posibilitatea handiegia delako. Eleaniztasuna da gure aukerarik onena." Hausnarketa egokia, ezta? (Hitzaldiaren izenburua: "Para sermos lingüisticamente sustentábeis". Aurreko sarreran aipatu nuen. Audioa hemen dago)
Larritzeko arrazoiak daudela iruditzen zait. Ez dut uste, halere, arrazoi horiek "beste hizkuntzekin" zerikusirik dutenik.
No comments:
Post a Comment