2012/11/25

Nola esan behar da, erdara ala gaztelania?

Euskarazko wikipediak dio erdara euskara ez beste hizkuntza guztiak izendatzeko erabiltzen den hitza dela, bere esanahia hizkuntza atzerrikoa dela, baina inor edo ezer gutxiesteko asmorik gabe.

Garai batean erdarari erdara esaten genion.

Etimologikoki erdara «erdi-era» zela irakurri genuen: «cuasi lengua». Grekoentzat eta erromatarrentzat ere greko edo erromatar ez ziren guztiak barbaroak zirela azaldu ziguten: greko hitz egiten ez zekitelako ziren barbaroak, "bar-bar" hitz egiten zutelako. «Erdu-era» ere izan zitekeela entzun genuen, hots, «lengua venida».

Hortaz, hainbat kontestutan, gaztelera eta gaztelania esaten (idazten) dugu, inor ez mintzeko.

Koldo Mitxelenak “erdara ere hemengoa dela” idatzi zuen. Zer pentsatua eman zigun. Euskal Herrian Euskaraz taldeak bide arriskutsua dela ohartarazi digu duela gutxi: euskara berezko hizkuntza bakarra dela esatetik euskara eta erdara, biak (hirurak) bertako hizkuntzak direla esatera pasatu garela ohartarazi digute; eta hori asimilazioaren bidea dela. Horrek ere zer pentsatua eman digu.

Joxe Manuel Odriozolak dio gaztelaniaren kontu hori trantsizio garaian sortu zela. Ordura arteko Espainera vs. Euskara dikonomia baztertu zen --baita abertzaleen artean ere-- terminologia xamurragoa eta karga ideologiko txikiagokoa bilatzeko [hemen].

Aste honetan bertan Arabako Kultura, Euskara eta Kirol diputatua (PPkoa) irratian egon da. Euskararen munduarekin duen harremanez ari zela, honakoa esan du:
...en euskara y en erdera, ¿Porque no? En erdera, gaztelaniaz como dicen ellos, yo prefiero erdera, para mí toda la vida ha sido el erdera... [hemen, 02'30'' gutxi gorabehera]
Bitxia egin zait.

2012/11/17

Poesia Soziolinguistikoa eta Soziolinguistika Poetikoa

Oso denbora tarte txikian  hiru olerki entzun ditut irratian, euskara hizpide dutenak.

Bereziak dira hirurak: soziolinguistika pilula txikiak, nonbait.

  • EiTBk Imanol Cover lehiaketa antolatu du egun hauetan. Antiguako abeslariaren kantuen bertsioak egin behar izan dituzte partaideek. Irabazleak  Nire Euskaltasuna kantua aukeratu du, Koldo Izagirrek idatzia eta Imanolek musikatua. Bikaina da Juan Luis Zabalak horretaz idatzi duen iruzkina: Gure Euskaltasuna. 
  • Joxe Agustin Arrietak EKT ikastaroa bisitatu du, duela gutxi. Euskadi Irratiak urriko saioen laburpena egin du, eta hor izan dugu saio horien berri. Joxe Agustinek Izokinaren Kantua olerkia irakurri omen zuen, euskarari buruzko bere ikuspuntua azaltzeko. Jazten aldizkariaren 10. zenbakian aurkitu dut olerki horren testua [1994].
  • Julen Arexolaleibak ere ikastaroa bisitatu du, eta begirada kritikoa eman die soziolinguistika datuei. Harek ere olerki bat hartu nahi izan du, bere ikuspegia hobeki ilustratzeko: Joxean Artzeren Ez Gaituzte Ezagutzen aukeratu du. [Audioa]

Ideia ona iruditu zait hirurak hemen biltzea, zein baino zein iradokitzaileagoa iruditu baitzaizkit hirurak.


Koldo Izagirre: Nire Euskaltasuna


           Nire euskaltasuna baso bat da,
           eta ez du zuhaitz jenealogikorik.
           Nire euskaltasuna dorre bat da,
           eta ez du Alostorrerik.
           Nire euskaltasuna bide bat da,
           eta ez du zaldizkorik.
           Nire euskaltasuna lore bat da,
           eta ez du aldarerik.
           Nire euskaltasuna itsaso bat da,
           eta ez du almiranterik.
           Nire euskaltasuna liburu bat da,
           eta ez du sotanarik.
           Nire euskaltasuna mundu bat da,
           eta ez du Amerikarik.
           Nire euskaltasuna bertso bat da,
           eta ez du txapelik.
           Nire euskaltasuna pekatu bat da,
           eta ez du mea-kulparik.




Jose Agustin Arrieta: Izokinaren Kantua


                 Ur gazi-goxozko
                 padura lohitsutan
                 nahi gaituzte itoarazi
                 anaiarrebok...

Itsas bazterreko ibiltzetan
sakailaturik
sakabanaturik
hondakin erkinok...

                              Ur axal geldozko
                              arnas larri etsituan
                              -ibai kutsatuek helbiderik ez-
                              itsasoa ala hil
                              beste ostertzerik ez
                                            gure sakatz dardartientzat

               -"Lehen amuarrainak ginenean
                 ez ginen horren errukarri"
                                            diote erostaka leinuko goibelek
                                                    samaldaka 
                                            nola datozen ikusiz
                                                    saldoka
                                                   (salduka)
                                                             gure padura geltokira
                                                             sats-isurkinetatik ihesi
                                                    ezkailu gazteak
                                                             paduraren patu hitsera
                                                             itomenaren labe mortura:
                                                             urlo-zoko bakanetan iraun
                                                                         ala
                                                             geure buruaz beste
                                                                                itsasora.

               -"Lehen amuarrainak ginenean..."

                                   ez gara, ordea
                                   ezin jadanik izan gaitezke!

indar anker bezain ustelak
          oker bezain doilorrak

                   aspaldi bilakarazi baikintuen

                                                IZOKIN

                                     amuarrain-oihok. 




Artze: Ez Gaituzte Ezagutzen


erdaldunek ez gaituzte ezagutzen gure hizkuntzan, eta hizkuntza arrotzean haiek ezin gu egiaz ezagutu, eta ezagutzen ez dena, nola maite?

guk ezagutzen ditugu heurak heuren hizkuntzan eta erakutsi diegu nola ditugun rnaite, haiek bezain ondo,
haien erdara guztiok ikasiz.
luza gabe ikusiko dute hori
eta erdaldunok ere maitatuko gaituzte; maitatuko dute hemengo euskara, maite badugu guk geure hizkuntza.

eta ziur gaude, horiek ere,
gaur ez bada bihar,
erakutsiko digutela nola gaituzten maite gure euskara guk bezala ikasiz,
gure hizkuntza beren hizkuntza eginez eta gure herria beren herri, zinez.

ezagutzen ditugun bezala ezagutuko gaituzte
eta hizkuntza berak gaitu senidetuko guztiok.

elkarrekin bizi eta elkar ez ezagutzeak ez baitakar ezinikusia eta gorrotoa besterik;
eta, erne!,
gorrotoz duenean batak bestea menperatzenen, garailea izaten da-ta menperatuena; "erleak inor ausikitzen duenean,
bere burua ausikitzenago" duen bezala.

aldiz, maitasunaren bidez batak bestea garaitzen duenean,
bata nola bestea, biok irteten dira garaile!





2012/11/11

Itzuli ezin diren hitzak

Irakurtzen ari naizen liburu batean Salman Rushdie-ren aipu bat ikusi dut:
"Jendarte bat (herri bat) ezagutu nahi baduzue, egiezue begiratu bat itzuli ezin diren hitzei" 
Hitz horien atzean, antza, mundua ikusteko modu bat dago: esperientziak eta bizipenak daude, baita jakintza ere.

Euskaraz, lau hitz etorri zaizkit burura: euskaltegia, auzolana, ikastola, bertsolaritza.

Zer dute komunean? Argi dago, ezta? ;-)

2012/11/02

Gero eta gehiago erabiltzea, gero eta gauza gutxiago esateko

Txepetxen hitzak dira; euskara, bere ustez, gero eta gehiago erabiltzen da, gero eta gauza gutxiago esateko.

Halako sentsazio bat izan dut nik aste honetan.

Liburuxka baten aurkezpenera joateko gonbita jaso nuen. Liburuxka ele bietan dago, nahiz eta gazteleraz sortua izan. Aurkezpena euskaraz hasi da: ongi etorria emanez eta gaiaren garrantzia azpimarratuz (01'30''). Handik aurrera gazteleraz jarraitu dute hizlari guztiek... Orotara ia bi ordu izan dira. Euskararen erabilera, beraz? Kuantitatiboki, txikia (%1 inguru); kualitatiboki, hutsala.

Oro har, egia da euskara gero eta gehiago erabiltzen dela. Alde kualitatibotik, Txepetxen arabera, erraza da euskara zertarako erabiltzen den antzematea:

  • Erabilera salutatorioa (agurrak), "sartzeko" eta "ateratzeko". Barruko gelak, egongelak... gazteleraz daude hornituak.
  • Erabilera indignatua (manifak): kontsignen eta graffitien hizkuntza. Eztabaidarako eta hausnarketarako ez... horretarako beste hizkuntzak daude.
  • Erabilera instituzionala, formala: gazteleraz pentsatu, gazteleraz sortu, eta, gero, euskaraz jarri. Espazio formala bete behar da, legeak hala aginduta, eta ez horren eskaera erreala dagoelako.
  • Erabilera suntuarioak (errotulazioa, epigrafeak, iragarkiak, bisita-txartelak, toponimia...). Sarritan errealitate elebakarra izkutatu, eta elebitasun normalizatuaren irudi faltsua ematen dute.

Oso ikuspegi kritikoa iruditzen zait. Borobilegia, agian. Baina ezin da ukatu egiatik asko duela.

Jose Maria Sanchez Carrión. (Re)pensar o discurso. Hemen (95-135 orr.)


2012/10/26

Oraingoz izen gabe

Beste kontu baterako Atxagaren testu bat berrikusten ari nintzela, Edward Lear-en aipamena jausi zait begietara: alegia ez dagoela izena jartzea baino ekintza poetiko zailagorik.

Kazetaritza prosaiko samarra da, baina harek ere garrantzia ematen die tituluei. Berriaren estilo liburuaren arabera, kazetaren aurpegia dira tituluak: aurren-aurrena irakurtzen dira, eta, askotan, horiek baino ez. Albisteen laburpenak dira, eta beste elemenentu guztietatik guztiz beregainak. Bi betekizun dituzte: testuaren edukia iragartzea eta irakurlea erakartzea. Hortaz, "tituluak testua irakurtzeko gogoa eman behar du: lehengoan ulertzeko modukoa izan behar du, eta erakargarria, irakurleak aurrera jarrai dezan."

Blogetan ere funtsezkoak dira izenburuak. Bada jendea bereziki trebea dena. Inbidia ematen didate. Titulu borobilak, egokiak, deigarriak, gogoangarriak asmatzen dituzte. Nik, ordea, ahal banu, izenbururik gabe utziko nituzke post asko eta asko.

Eta literaturan?  Ba al da libururik soil-soilik izenburuagatik erosten denik? Baietz esango nuke.  Joseba Sarrionandiaren Izkiriaturik aurkitu ditudan nire poemak da horietako bat.

Inoiz gertatu al zaizue? Testu bat irakurri eta... "Kontxo! Horixe bera da nik kontatu nahi nuena! Hango ideiak, iritziak, bizipenak, sentimenduak... zureak dira: zure testuak dira, beste batek izkiriaturik. Gozada bat da halakoak irakurtzea.

Gaurkoz hemen utziko dut testua. Titulua ere ez diot jarriko. Oraingoz izen gabe utziko dut (Oraingoz izen gabe Jose Luis Bakedanoren film baten izenburua da: 1986an grabatu zuen, Atxagaren testu batean oinarritua).

2012/10/21

Hirien Soziolinguistika

Konurbazio hitza Baionan entzun nuen lehendaziko aldiz, orain dela urte askotxo: BAB (Biarritz-Anglet-Bayonne) konurbazioa. Garai hartan ere, Hendaiatik Baionara autoz joateko modua zegoen, hirigunetik atera gabe, hots, paisaje urbanoa bistatik galdu gabe. Konurbazioa horixe da: hirien hazkundearen ondorioz, zenbat hiri espazio urbano jarraikia osatzen dute. Kontzeptu urbanistikoa da, besterik ez.

Eurohiriaren ideiari buruz entzun nuen gero: Donostia-Baiona, 600.000 biztanleko metropolia. Eurohiriak, mugaz gaindiko hiria izanik, bestelako konnotazioak ere bazituen. BAT aldizkariak, 2003an, ale monografikoa argitaratu zuen, proiektuari begirada soziolinguistikoa emateko. Eurohiria hizkuntzaren aldetik mesedegarria ote zen aztertu nahi zuten. Denetariko iritziak jaso ziren.

Bernardo Atxagak Euskal Hiria defendatu zuen. Hiria hiru gauza direla esan zuen: gune fisiko bat (Urbs), jendarte edo bizilagunen multzo bat (Civitas) eta antolamendu politiko bat (Polis). Probintzialismoaren aurkako alegatoa egin nahi zuen, eta, berak aitortu bezala, kontzeptu polemiko samar atera zitzaion. [Hemen]

Ekologiaren ikuspegitik, hiri "sostenibleak" (hau da, jasangarriak) aldarrikatu dira. Hizkuntzaren aldetik "sostenibleak" izango diren hirien ideia ere entzun izan da noizbait. Egia esanik, badira horretan sakontzeko arrazoiak:
  • Hegoaldeko biztanleetatik %35 (hirutik bat pasatxo) 100.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan bizi dira, hiriburuetan, alegia. Iparraldean, hala ere, ez dago tamaina horretako hiririk.
  • Oro har, hirigunetzat jotzen dira 10.000 biztanleko edo gehiagoko udalerriak. Horietan bizi gara euskal herritarron %72.
  • EAEko datuen arabera (Mapa Soziolinguistikoa), lau euskaldunetatik bat (%27) hiru hiriburuetako batean bizi da.
Datuak: [www.datutalaia.net]

Erakargarria iruditzan zait hiriaren soziolinguistika. Hiriak EUSKAL hiriak izatea nahi dugu. Horretarako bideak eta mekanismoak ikasi nahi ditugu, normalizazioan aurrera egiteko ukitu daitezkeen palankak, alegia.

[jarraituko du]







2012/10/12

Hitzperimentuak, palindromoak eta beste...

Joan Brossa

Joan Brossa artista bitxia da: polifazetikoa. Poeta, dramaturgoa eta diseinugilea. Poema idatziak landu zituen, poema bisualak, poema-objektuak, poema urbanoak... www.joanbrossa.org orrian adibide ugari bildu dituzte.

Hizkuntzaren kaiola

Joan Brossak «La gàbia del llenguatge» izeneko olerkia argitaratu zuen 1975. urtean:
“El meu llenguatge ja no imita el món, / sinó que amb mots ben lliures el preforma. / Fora mons de segona mà! En l’intent / arrenco la disfressa del llenguatge. / Deslliura els mots, paisatge de la ment!”
«Inoren ero ni» taldeak olerkia euskaratu eta musikatu egin du: «Hizkuntzaren Kaiola». Hemen entzun daiteke:


«Inoren ero ni»

«Inoren ero ni» palindromo bat da. Palindromoa ezkerretik eskuinera zein eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen den hitza edo esaldia da. Euskaraz adibide politak daude:
  • Ze nekeza inori atea irekitzea eztikeria eta ironia zekenez.
  • Esanik erruz egi bat ta bi gezurrekin ase.
  • Nik enara neraman amaren aranekin.
  • Animatuta bazen, ezabatuta mina!
  • Alu hauxe sexu ahula?
  • Utzi penak Ane, piztu!
  • Orea ore, eroa ero.
  • Autore erotua
  • Atara zarata.

Hitzperimentuak

Iñaki Arranzek Hitza azti liburu bitxia argitaratu zuen orain dela urte batzuk. Hitz jokoak hizkuntzaren mekanismoak hobeto ulertzeko tresna eta hizkuntza aberasteko bide direla aldarrikatzen du. Palindromoak, atsotitzak, hitz-korapiloak... Belaunaldiz belaunaldi iritsi zaizkigun hitz jokoak eta olerkari abanguardisten esperimentazioak aletzen ditu bere liburuan.

Markos Gimenok oso hitz egokia erabiltzen du hauetarako: HITZPERIMENTUAK. Merezi du bere blogak bisitatzea: zaharra zein berria.


Publizitatea

Iñigo Ostolazak ere Iñakiren liburuaren komentario bat argitaratu zuen bere blogean. Bere ustez publizitateak bere-berea du hitzekin jolas egitea, nahiz eta (agian) euskaraz adibide gehiegirik ez dagoen. Iñigok gutxi batzuk aipatzen ditu:
  • Hara bada, Araba da! (Arabako Foru Aldundiaren iragarki batean)
  • EZ dakizu euskara. IkaSI (Ika euskaltegien iragarkia)
  • Ibai zikina? Hi bai zikina!

Altxorrak

Bertsolaritzan, umorean... altxor ikaragarriak ditugu bertan, baina... luze joko luke. Hurrengo batean, agian.